euskaraespañol

UPV/EHUk unibertsitateko masterrak egiteko laguntzen funts bat sortu du

300.000 €-ko balioarekin, funtsak ziklo horretan ari diren ikasleei lagundiko die, urteko laguntzen bidez.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/23

Irudia
Arte Garaikidearen Kontserbazioa eta Erakusmoldeak Masterreko klase bat. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Gaur, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak Bizkaia Aretoan egin duen bileran laguntzen deialdi bat onartu du, 2021-2022 ikasturtean unibertsitate masterrak egiteko.

Laguntzen helburua ikasleei erraztasunak ematea da, prestakuntza ziklo horretan sartu eta ikas dezaten, graduko ikasketak amaitu ondoren. Laguntzak 3.000 €-koak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren ikasleentzat, eta 4.500 €-koak, berriz, beste autonomia erkidego edo herrialde batzuetan bizi diren ikasleentzat. Laguntza horien onuradunak diren ikasleek, 90 edo 120 ECTS kredituko masterretan matrikulatuta badaude eta graduondokoa amaitzeko ikasturte bat baino gehiago behar badute, laguntza osagarri bat jaso ahal izango dute, iraupenarekiko proportzionala izango dena. Laguntzak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak finantzatzen ditu, 2019-2022 Unibertsitate Planaren testuinguruan.

Laguntzak emateko balorazio irizpideei dagokienez, lehendabizi, espediente akademikoa dago, eta, gero, modu osagarrian, ikasleek alegatu ditzaketen beste merezimendu batzuk, hala nola atzerriko hizkuntzak ezagutzea, estatutako eta nazioarteko jarduera akademikoetan izandako parte hartzea, beste titulu batzuk edukitzea, eta ikasleen ordezkaritza organoetan parte hartzea. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 11ra arte. Gaur egun, UPV/EHUk 3.900 inguru ikasle ditu master ofizialetan.

Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Montse Maritxalarren iritziz, horrelako ekimenen bidez UPV/EHUren graduondoko ikasketak indartu nahi dira hainbat zentzutan: “alde batetik, gure ikasleei erraztasunak eman nahi dizkiegu graduondoko ikasketak egin ditzaten: unibertsitate publiko bat gara, eta, hala izanik, hainbat ekimen ditugu ikasleek, arrazoi ekonomikoak direla eta, goi mailako ikasketak egiteko izan ditzaketen oztopoak gutxitzeko; bestalde, bikaintasuneko ikasleak erakartzeko interesa ere badugu”.