euskaraespañol

UPV/EHUk hobetu egin ditu aldi baterako ikertzaileen lan baldintzak

Errektore taldearen eta gehiengo sindikalaren arteko akordioari esker, euskal unibertsitate publikoko kolektibo honen ordainsariak estatuko unibertsitateen mailarik altuenean kokatuko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/16

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak berretsi egin du unibertsitateko gobernu taldeak eta gehiengo sindikalak (LAB, Steilas eta CCOO: % 81eko ordezkaritza irakasle-ikertzaile kontratudunen artean) sinatu duten akordioa. Akordioaren helburua da egokitzea lan kontratudun ikertzaileen hitzarmen kolektiboko baldintzak Zientziaren Legeak aldi baterako ikertzaileentzat (doktorego aurrekoak eta doktorego ondokoak) ezarritako erregulaziora. Urrats handi bat izango da kolektibo horren lan baldintzak hobetzeko, 2010ean onartutako UPV/EHUren hitzarmena egokitzeko exijitzen baitzuten. Akordioari esker, ikertzaile hauen ibilbideak erregulazio argiago eta objektiboago bat izango du, eta ez da desberdintasunik edo bidegabekeriarik egingo deialdietan. Guztira, unibertsitatean diharduten 1.200 pertsonaren lan baldintzak hobetuko dira.

Gobernu Kontseiluak akordioa berrestearen harira, Eva Ferreira errektoreak honako hau adierazi du:  “Akordioak duen gauzarik garrantzitsuena da soldata oinarri egoki bat ziurtatuko duela, eta koherentzia ezarri ordainsarien eta ikertzaileen eginkizunen artean, ikerketa erantzukizunaren eta heldutasun mailaren arabera. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet publikoki akordioa sinatu eta posible egin duten alde guztiei, negoziazioan egin duen ahaleginagatik”.

Prestakuntza bidean dauden ikertzaileak (doktorego aurrekoa)

Gaur berretsi den akordioari esker, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, soldata bera izango dute UPV/EHUn doktorego aurreko kontratu bat duten eta prestakuntza bidean dauden ikertzaile guztiek, jasotako laguntzari dagokion deialdia gorabehera. Akordioaren xedapen garrantzitsu bat da baldintza berriak atzeraeraginezko izaeraz aplikatuko zaizkiela data horretan kontratu aktibo bat izango duten ikertzaile guztiei, eta kitapen gisa ordainduko zaizkiela zor diren zenbatekoak. Gainera, ordainsarien urteko eguneratzea bermatuko da doktorego aurreko kontratuak irauten duen 4 urteetan.

Doktorego ondoko ikertzaileak

Doktorego ondoko ikertzaileen kasuan, hiru mailatan egituratutako ibilbide bat ezarri da: 1) Ibilbidearen hasierako etapa, irakasle atxikien mailara parekatutako funtzio eta soldatarekin; 2) Finkatze etapa, irakasle agregatuen mailara parekatutako funtzio eta soldatarekin; eta 3) Etapa berezia, dagokion deialdian zehaztutako funtzio eta soldata espezifikoekin. Zubi bat egongo da hasierako etapatik finkatze etapara igarotzeko, doktore tituluaren antzinatasunari buruzko baldintza eta merezimendu batzuk betez gero, ikerketa ibilbide sendo bat eta ikerketa lanak autonomoki egiteko gaitasuna bermatuko dituzten baldintzak. Baldintza berriak aplikatuko zaizkie 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko doktorego ondoko kontratu guztiei, eta eguneratu egingo dira ere data horretan aktibo egongo diren kontratuak.