euskaraespañol

UPV/EHUk 1,3 milioi euro inbertitu ditu Euskaltelekin bere ikastegietako WiFi azpiegitura hobetzeko

Hobekuntza proiektuaren bidez, Euskal unibertsitate publikoak jauzi handi bat egingo du bere azpiegituretako telekomunikazioetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/06

Bi Ikasle, pasa den ostiralean, Bizkaiko Campuseko liburutegian.
Bi Ikasle, pasa den ostiralean, Bizkaiko Campuseko liburutegian. | Argazkia: Ibai Biritxinaga. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), 1,3 milioi euroko inbertsio baten bitartez, bere telekomunikazio sarean hobekuntza handi bat egingo du Euskaltelen eskutik. Erakunde akademikoak, bere ikastegi guztietan, eraikinetako eremu komun batzuetan, bilera geletan, ikasgeletan, laborategietan, eta abar hari gabeko komunikazioak ahalbidetzeko WiFi sistema bat dauka. WiFi sistema horrek, azken urteetan antena berriak jarriz zabaltzen joan den arren, estaldura handiagoa eskatzen du; izan ere, denborarekin antenen bidezko teknologia mugatuta geratu da eta ezin ditu sare protokolo edo zerbitzu berriak eskaini.

Testuinguru horretan, Euskaltel arduratuko da gaur egungo WiFi azpiegitura aurreratuagoa bihurtzeaz sarbide puntu indartsuagoak jarriz. Horrela, protokolo modernoenak erabili ahal izatea lortu nahi da, UPV/EHUn ezarri diren teleirakaskuntzako zerbitzu berriei begira, baita WiFi estaldura gaur egun ez dagoen edo eskasa den tokietara zabaltzea ere. Horrek ikasgela, bilera gela, bulego eta laborategi guztiak barne hartuko ditu, besteak beste.

 

Inbertsio handia

UPV/EHUk hobekuntza hori gauzatzeko egingo duen inbertsioa 1.350.000 eurokoa da eta Next Generation suspertze funtsen bidez finantzatuko da –Espainiako Unibertsitate Sistemako unibertsitate publikoak modernizatzeko eta digitalizatzeko dirulaguntzen kapituluarekin lotuta–, 641/2021 Errege Dekretuan finkatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Plan handinahi hori aurrera eramateko, Euskaltelek Hewlett Packard Enterprise erakundeko kidea den Aruba kolaboratzailearen laguntza izango du. Erakunde hori WiFi soluzioen izen handiko ekoizlea da eta UPV/EHUren gaur egungo datu sarearekin bateragarriak diren soluzioak eskaintzeko gaitasuna du. Aruba teknologiak, hainbat aplikazio erabiliz, sareei adimen geruza bat ematea ahalbidetzen du. Hala, funtzionamendu datuak atera daitezke, erakundeak askotariko barruti eta eremuetako joera eta jende kopuruen neurketan edo eremu handien kudeaketan oinarritu daitezen erabakiak hartzeko. Soluzio horiei esker, UPV/EHUk ikastegien arteko komunikazioa eta lankidetza hobetuko duen hari gabeko azpiegitura bat eduki ahal izango du. 

UPV/EHUko Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreorde Juan José Unzillaren iritziz, “azpiegitura berrituz, ikasleei beren jarduera akademiko eta sozialerako zerbitzu hobea eskaini ahal izango diegu, beren proiektuak beste erakunde eta unibertsitate batzuekin elkarlanean garatzen ari diren ikertaldeen konektagarritasuna indartu ahal izango dugu eta irakaskuntza metodologia berrietan eragin oso positiboa sortu ahal izango dugu”.

HPE Arubako Espainiako country managerra den Iker del Fresnok nabarmendu duenez, “hasieratik, UPV/EHUrentzat IKTak ohiko elementu bat izan dira, bai erakundearen eguneroko jardueran, bai unibertsitateko komunitateari zerbitzuak emateko garaian. Arubarentzat oso pozgarria izan da proiektu honi heltzea, jakinda ematen ditugun soluzioak bat datozela UPV/EHUk bere campus guztien konektagarritasun behar guztiei modu eraginkorrean erantzuteko orduan erabakien epizentroan jartzen duen eboluzio eta berrikuntza dinamikarekin”.

Bestetik, Euskalteleko Kontu Handietako merkataritza zuzendari Oscar Rejasek adierazi duenez, “mundu hiperkonektatu honetan konektagarritasuna funtsezkoa da, beraz, ezinbestean azpiegiturek eboluzionatu egin behar dute eta bai pertsonen, bai enpresen beharretara egokitzen diren banda zabaleko sarbide zerbitzuak eduki behar dira. Azpiegitura horiek modernizatu ahal izateko soluzio berriak eskaini behar dituzte; kasu honetan, Euskadiko funtsezko erakunde bat, unibertsitate publikoa, modernizatzeko. Proiektu honekin, azpiegitura modernizatu eta unibertsitatearentzat balio erantsikoak diren zerbitzu berriak garatzeko plataforma bat eskaintzeaz gain, Euskaltelek gure gizartean talentua garatzeko funtsezkoa den hezkuntzarako tresnak hobetzen lagunduko du”.

Ekimen horrekin, UPV/EHUk erabilgarritasun handiko zerbitzu bat edukiko du. Horren bidez, ikasleei entitatearen webguneko zerbitzu eta bitarteko guztietarako sarbidea emango die WiFi bidez. Proiektuan, Arabako Campusean 494 sarbide puntu ezarriko dira guztira, Gipuzkoako Campusean 834 eta, Bizkaiko Campusean, 641 Bilbon eta 916 Leioan. Proiektua urtea amaitu baino lehen amaituko da.