euskaraespañol

UPV/EHUk 32 master titulu eman eta 59 doktore izendatu ditu Guatemala eta Dominikar Errepublikan

Tituludunek Nekane Balluerka errektorearen eskutik jaso dituzte UPV/EHUren Graduondoko Sare Latinoamerikarrak eskainitako master eta doktorego programetako diplomak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/15

Irudia
Diplomak banatzeko ekitaldiaren une bat, Rafael Landivar Unibertsitatean, Guatemalan. (Argazkia: UPV/EHU)

Aste honetan, 91 pertsonak jaso dituzte Zuzenbide edo Filosofiako Masterreko tituluak, baita hainbat ikasgaitako doktoregotakoak ere, Guatemalako Rafael Landívar Unibertsitatean eta Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan ospatutako bi ekitalditan. Bertan izan da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkaritza bat, eta berau osatu dute Nekane Balluerka errektoreak, Marta Barandiaran Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, Vicente Camino Graduondoko Sare Latinoamerikarreko zuzendariak eta Francisco Javier Caballero irakasleak.

Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateak graduondoko programen baitan unibertsitate latinoamerikarrekin duen lankidetza estuaren ondorio da.

Pasa den asteartean, errektoreak diplomak banatu zituen (12 masterrekoak eta 4 doktoregokoak) Guatemalako hiriburuko Rafael Landívar Unibertsitatean, eta gaur, ostirala, beste ekitaldia izango du, Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoko Areto Nagusian. Bertan banatuko ditu masterreko 20 diploma eta 55 doktore izendatuko ditu. Guztira, 31 pertsonak jasoko dute UPV/EHUko master titulua, eta beste 59k bere doktore titulua.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearentzat, Graduondoko Sare Latinoamerikarrak garatutako lan akademikoa erabat errotutako errealitatea da: “badira bi hamarkada baino gehiago Euskal Herriko Unibertsitateak graduondoko eta doktorego ikasketak eskaintzen dituela Latinoamerikako ia herrialde guztietan, Mexikotik hasi eta Txilera bitarte… Harreman estua dugu hainbat unibertsitate amerikarrekin, bertan gure tituluak oso preziatuak dira eta gure irakasleek eskaini eta ikasteko asko dute. Kultura pluralak eta bizimodua ulertzeko anitzak direnez, gure irakasleek aparteko aukera dute beren prozesu intelektualean aurrera egiteko”.

Errektoreak nabarmendu du Graduondoko Sare Latinoamerikarrak garrantzi handia duela hainbat lanbide-prestakuntzetan (juridikoan, ekonomikoan edota hezkuntza arlokoan, esaterako), masterrak eskaini eta doktore tesiak gidatzen diren herrialdeentzat. “UPV/EHU”, azpimarratu du, “elkarlanean aritu da herrialde horien garapenean, bere ezaguera eskaini du eta UPV/EHUren logoak adierazten duen unibertsitatea ulertzeko modu berezia zabaldu du: Eman Ta Zabal Zazu.”

Izan ere, 1997az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitate masterrak eskaini eta doktore tesiak gidatu ditu hainbat unibertsitate latinoamerikarretan, nazioarterako harreman eta lankidetzarako berariazko programen baitan. Gaur egun, 13 herrialdetako 15 unibertsitate (Guatemala, Ekuador, Brasil. Dominikar Errepublika, Mexiko, Puerto Rico…), UPV/EHUrekin hitzarmen bidez lotuta daude; egun Graduondoko Sare Latinoamerikarra osatzen dute.

Defentsan aurkeztutako doktore tesiak, guztira, 166 baino gehiago izan dira UPV/EHUko Graduondoko Sare Latinoamerikarrean eta Zuzenbide, Ekonomia, Hezkuntza, Filosofia, Psikodidaktika eta Hizkuntza Politiken arlokoak. Master programetan aritutako ikasle kopurua 1.680tik gorakoa izan da.