euskaraespañol

UPV/EHUk Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen lan-eskaintza publikoen oinarriak onartu ditu

Deialdi horiek 1.148 AZP funtzionario eta lan-kontratudun plaza hartzen dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/20

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluak, gaur Bilbon, Bizkaia Aretoan, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (AZP) Lan Eskaintza Publikoetarako (LEP) Oinarri Orokorrak eta Espezifikoak onartu ditu. Xedapen honen abiapuntua da organo berak aurtengo maiatzean onartu zuela 2022ko AZPrako LEPa eta 2019., 2020. eta 2021. urteetako eskaintzen aldaketa, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen baldintzak betetzen zituzten plazak sartzeko.

Ondoren, aipatutako LEPetan sartzeko prozesuetarako deialdiak arautuko zituzten gutxieneko irizpideak adostu ziren, sindikatuen ordezkaritzaren gehiengo zabalarekin. Gutxieneko irizpide horiek erabiliz, euskal unibertsitate publikoaren Gerentziak oinarri orokorren eta oinarri espezifikoen proposamenak egin ditu, eta, negoziatu ondoren, langileen ordezkaritzaren gehiengoarekin adostu ziren berriro.

Oinarri horiek gaur onartu ditu Gobernu Kontseiluak, eta Administrazioko eta Zerbitzuetako funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen 1.148 lanposturi dagozkien ezohiko barne-sustapeneko prozesuak eta langile funtzionarioen eta lan-kontratudunen ohiko prozesuak deitzen dituzte.

Prozesu horien deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta 2024 amaitu baino lehen ebatzi beharko dira.

Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plana

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plana ere onartu du gaur: erretirora igarotzeko neurriak. Plan berri horrek indarreko legedira egokitzea dakar, Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zituen erretiro aurreratuagatiko kalte-ordainak kenduz. Hala ere, beste pizgarri batzuk mantentzen dira, hala nola ordu-murrizketak edo kredituen murrizketak, nahiz eta erretiroko adin arruntera egokitzen diren.

Zehazki, irakasle eta ikertzaileek kreditu-murrizketak izango dituzte. Administrazio eta Zerbitzuetako langileek (AZP) ordu-murrizketak dituzte, eta mentoring-programa berri bat izango dute, plantillaren errelebo ordenatua ahalbidetuko duena, erretiroa hartzen duen pertsonak murrizketa gehigarri batzuk lortzeko aukerarekin.

Erretiroagatiko kalte-ordainetarako akordioak, 2010ean ezarritakoak, oso bestelako testuinguru ekonomiko eta sozialean egin ziren. Administrazioen joera erretiroaren atzerapena sustatzea da, eta estatu mailako akordioak daude ministerioaren eta sindikatuen artean.