euskaraespañol

UPV/EHUk aurkeztu du Garapen Jasangarriaren aldeko 2030 EHUagendaren web ataria, Ingurumenaren Munduko Eguna dela eta

Pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko Nazio Batuen helburuei unibertsitateak egiten dien ekarpena biltzen du.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/05

Irudia

Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Munduko Eguna, UPV/EHUko Jasangarritasun Zuzendaritzak sortu berri duen web atari baten berri eman du, unibertsitateak bere garapen jasangarriaren aldeko 2030 EHUAgendaren helburuak betetzeko martxan jarri dituen programa eta ekintza guztiak biltzen dituena.

Webguneak azaltzen du UPV/EHUk egiten dien ekarpen espezifiko eta xehea Nazio Batuek 2015ean definitu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetatik (GJH) 12ri. 12 GJH horiei, UPV/EHUk gehitu egin die hizkuntza eta kultura aniztasunarekin duen konpromisoa, 17+1 GJHren bitartez.

Egitasmo honen berritasuna honako honetan datza: hots, bat egite generikoetatik harago, UPV/EHUk garapen operatibo eta neurgarri bat aurkezten du, Nazio Batuen ekimenari egingo dion ekarpen zehatzarena. Hala, helburu bakoitzean, “Helburuak eta adierazleak” izeneko hasierako atal batean, zehazten dira bai hautatutako erreferentziazko helburuak bai helburuon betetze mailaren adierazle zehatzak. Gainera, UPV/EHU helburu bakoitzean zer abiapuntutan dagoen adierazten du, 2017/18 ikasturteko datuen arabera.  

UPV/EHU estatuko lehenengo unibertsitatea izan da goi mailako hezkuntzan 2030 Agendaren eraikuntza eta jarraipen metodologia bat sortzen. 2030 EHUagenda, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak apirilean onartua, lerrokatuta dago unibertsitatearen plan estrategikoarekin, eta diziplinen egitura zatikatua ezbaian jartzen duen zeharkako izaera du. Jarraipenerako adierazle multzo bat du, eta adierazle horien zehaztapenean lagundu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak (IHOBE) eta EAEko hainbat eragilek.

Idoia Fernandez Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak dioen moduan, proiektu honen bidez unibertsitateak sendotu egiten du “jasangarritasunaren aldeko bere apustua, eta aldaketa sakon baten katalizatzaile izan nahi du, aldaketa gure jarrera eta ekintzetan, gure ikasgeletan eta ikasgeletatik eta campusetatik kanpo sentitu beharko dena, euskal gizarteak berak sentitu beharko duena”. EHUagendaren barnean, IKD hezkuntza ereduaren berrikuspena dago, izena aldatu eta hemendik aurrera IKD i3 izango dena (irakaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna).