euskaraespañol

UPV/EHUk bat egiten du 21. Korrikarekin

Unibertsitateak klika egiten dio euskarari

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/26

Irudia
2017ko Korrikako argazkia Donostian. UPV/EHU.

Apirilaren 4tik apirilaren 14ra 21. Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du Garestik Gasteizera. Eta UPV/EHUk Leioako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kilometroetan parte hartuko du.

“21. Korrikak proposatutakoarekin bat eginez, UPV/EHUk ere klika egiten dio euskarari, klika egiten dio etorkizunari eta klika egiten dio konpromisoari. Horretarako, besteak beste: Euskararen erabilera eta presentzia unibertsitateko esparru guztietara hedatzeko lan egingo dugu”, aurreratu du Jon Zarate Sesma Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak.

UPV/EHUren kilometroak

  • Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio guneko kilometroa: Apirilaren 10ean, arratsaldeko 17:28etan, Leioako Mikel Laboa plaza, 1501 Km. Kilometro honetan aitortza egingo zaio 1969an sortutako Bilboko Unibertsitateari, gerora sortutako Euskal Herriko Unibertsitatearen ernamuina izan zelako eta unibertsitateko eremu ezberdinetan euskara sartzen hasi zedin oinarriak jarri zituelako .
  • Bilboko kilometroa: Apirilaren 11n, arratsaldeko 15:39etan, Indautxu, Euskadi Plaza, 1760 Km. Kilometro honetan aitortza egingo zaie ikasketa zientifiko-teknikoetako emakumeei, bereziki ingeniaritza arloko emakumeei. Horrela, ikasketa zientifiko-teknikoen arloan emakumeetan bokazio eta asmo profesionalak piztu nahi ditugu.
  • Donostiako kilometroa: Apirilaren 12an, arratsaldeko 16:48etan, Tolosa Hiribidea, Osasun Zentroa Mutua Universal, 2057 Km. Kilometro honetan aitortza egingo zaie ezgaitasunak dituzten UPV/EHUko kideei.
  • Gasteizko kilometroa: Apirilaren 14an, goizeko 11.36etan, Gaztelako atea-Santiago Ramon y Cajal, 2541 Km. Kilometro honetan aitortza egingo zaie atzerritik UPV/EHUra egonaldia egitera datozen eta euskara ikastaroa egiten ari diren ikasleei.

 

Txillardegiri omenaldia

Halaber, aldi bakoitzean aitortza bat egiten du Korrikak, hala, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik jasoko du 21. edizio honetakoa omenaldia

“Bereziki azpimarratzekoa da Txillardegik unibertsitatetik euskararen alde egindako lan militantea eta gizartea sentsibilizatzeko zuen gaitasuna. 20 urtez izan zen Euskal Herriko Unibertsitatea Txillardegiren etxea. Zorroagako campuseko Pedagogia Fakultatean hasi zen lanean 1983/1984 ikasturtean. Irakasle lanetan hasi berri zela defendatu zuen tesia. Gerora, ‘Euskal azentuaz’ liburua bihurtu zuena.”, azaldu du Zaratek.