null

UPV/EHUk Blockchain Teknologiako eta Kriptoekonomia Berezko Master berria jarri du martxan

Kutxabankek, masterrarekin elkarlanean, beka bat sortuko du bertan izena eman duen pertsona baten matrikula gastuak ordaintzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/09

Joan den maiatzaren 22an, bitcoin erabiliz ordaindutako lehen erosketaren hamargarren urteurrena bete zen: Laszlo Hanyecz-ek, bitcoiner ezagunak, bi pizza erosi zituen 2010ean10.000 bitcoin ordainduta, eta "Bitcoin Pizza Day" izenekoa sortu zen. Gaur egungo trukea kontuan hartuz gero, bi pizza haiek 83 milioi eurokoak izango lirateke. 2014tik aurrera, teknologia hori hedatzen hasi zen, eta gaur egun 4.000 kriptoaktibo baino gehiago daude.

Horrela sortu zen kriptoekonomia, finantza-merkatuak ulertzeko modua irauli duen diziplina, kontu-liburu bat modu deszentralizatuan inplementatzen baitu (banku zentral baten beharrik gabe). Liburu horretan idazten dira transakzioak, bertako kontu-unitate edo token batean oinarrituta, bitcoin delakoa kasu. Hori blockchain teknologiari esker da posible; informazio-blokeak kriptografikoki kateatuta daude P2P protokoloen bidez, segurtasuna bermatzen duten lan-proban oinarritutako adostasun-mekanismoekin.

Gaur egun, proiektu asko daude teknologia horren erabilera zabaltzen saiatzen direnak, haren bi ezaugarri nagusiak, deszentralizazioa eta aldaezintasuna, aprobetxatuz: truke- eta finantza-plataforma deszentralizatuak, aktiboen tokenizazioa, token ez-suntsikorrak, ekoizpen-prozesuen trazabilitatea, erregistro-sistemak, biltegiratze deszentralizatua...

Testuinguru horretan sortu da UPV/EHUko Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomia berezko master berria. Graduondokoak ikasleei blockchain teknologiaren oinarriak helaraztea du helburu, baita ezagutza horrek gizartearentzat zein industriarentzat duen balioa ere. Urtebeteko iraupena eta 60 ECTS kreditu ditu masterrak eta Matematika, Fisika, Ingeniaritza, Ekonomia edo antzeko graduen oinarri zientifiko sendoa duten tituludunei zuzenduta dago. Aurez aurreko modalitatean emango da, Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Leioa-Erandio eremua), astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, urrian hasita.

Blockchain jakintza-arlo zabalak (kriptografia, banatutako sistemak, jokoen teoria, ekonomia monetarioa, lengoaia eta sistema informatikoak, segurtasun informatikoa, etab.) biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia denez, diziplina anitzeko izaera hori islatuko duen programa diseinatzea izan da masterraren erronka nagusia. Horretarako, UPV/EHUko bertako irakasleak eta ikertzaileak ditu, kualifikazio handiko kanpoko profesionalen talde batek indartuta, eta horien artean Kutxabankeko adituak nabarmendu behar dira.

Mugikortasunarekin, analitika aurreratuarekin, biometriarekin, adimen artifizialarekin eta blockchain-arekin zerikusia duten gaietan duten esperientziatik abiatuta, Kutxabankeko zenbait profesionalek masterrarekin lankidetzan jardungo dute, eta eskolak emango dituzte, sektore horri buruz duten ezagutza gerturatzeko; izan ere, sektore horretan teknologo espezializatuen presentzia ia negozio-arlo guztietara hedatzen ari da.

Gainera, eta finantza-erakundeak sustatzen duen tokiko talentua atxikitzearen aldeko apustuari jarraiki, Kutxabankeko profesionalek beren hitzaldietan sortutako baliabide ekonomikoak beka bat sortzera bideratuko dituzte, master berrian izena eman duen pertsona baten matrikula-gastuak ordaintzen laguntzeko.