UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak 2018ko Diálogo saria jaso dute

Espainiar eta frantziarren arteko laguntasunaren aldeko Diálogo elkarteak urtero emandako sari prestigiotsu hau banatzeko ekitaldia Espainiako enbaxadan egin da, Parisen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/08

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka eta Bordeleko Unibertsitateko errektore Manuel Tuñón de Lara. © Fernando Pérez

Gaur arratsaldean, Espainiak Parisen duen enbaxadan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak 2018ko Diálogo Saria jaso dute, Diálogo elkarteko presidente Jean Charles Raufast-en eskutik. Ekitaldian, Nekane Balluerka errektorea izan da UPV/EHUko ordezkaria, eta Bordeleko Unibertsitatearena, berriz, haren presidente Manuel Tuñon de Lara. Ekitaldian egon da ere Fernando Carderera, Espainiak Frantzian duen enbaxadorea, eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. 2018 urteko Dialogo Sariaren epaimahaiko burua Benoît Pellistrandi izan da, eta harekin batera, Isabelle d´Ornano, Emilio Ferré, Jean-Pierre Jouyet eta Jean-René Fourtou-k osatu dute epaimahaia.

Diálogo espainiarren eta frantziarren arteko laguntasunerako elkarte bat da, eta haren xedea kooperazioa bultzatzea da kultura, ekonomia, gizarte, hezkuntza eta zientziaren arloetan. Diálogo sariak Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak areagotzeko eta estutzeko eginkizun garrantzitsua izan duten pertsonen, enpresen edo erakundeen ahalegina aitortu nahi du. Aurreko edizioetan, saria jaso dute, besteak beste, Carlos Saura zinemagileak, Yasmina Reza, Mario Vargas Llosa eta Jorge Semprún idazleek, Zinedine Zidane futbol jokalariak eta Jean Reno edo Carmen Maura aktoreek.

Oraingo honetan, bi unibertsitateek jaso dute saria, bi erakunde akademikoen artean eratutako Nazioarteko Bikaintasun Campusagatik.

“UPV/EHUk ohorez, pozez eta esker onez jasotzen du sari garrantzitsu hau” esan du UPV/EHUren errektoreak, Nekane Balluerkak. “Bordeleko unibertsitatearekin batera eratu dugun Nazioarteko Bikaintasun Campusa nazioartekotzearen alde egin dugun erronkaren adibiderik onena da, eta Diálogo sariak orain arte lortutako lankidetza maila areagotzera eta elkarlanerako bide berriak bilatzera animatzen gaitu”.

Bere aldetik, Bordeleko Unibertsitatearen presidentea den Manuel Tuñón de Larak esan du: “Nire eskerrik beroenak eta harrotasuna adierazi nahi ditut, Bordeleko eta Euskal Herriko unibertsitateek guretzat benetan garrantzitsua den sari hau jaso dutelako. Euroeskualdeko campus handinahi eta erakargarri bat sortzeko eta garatzeko elkarlanean egindako lana aitortuta geratzen da horrela. Ezbairik gabe, sari hau motibazio bat gehiago izango da gure entitateen mugaz gaindiko dinamikarekin jarraitzeko, eta eskerrak eman nahi dizkiet ere epaimahaiko kide guztiei”.

Diálogo elkarteko presidente Jean Charles Raufast-ek honako hau adierazi du: “Ohore bat da ekimen europar baten esparruan jakintza zientifikoa partekatzeko aukera ematen duen ekimen hau saritzea. Nire desioa da Prix Diálogo hau baliagarria izatea zuei adierazteko, bada, arrazoia zenutela proiektu honi ekitean eta gure miresmen osoa duzuela”.

Nazioarteko Bikaintasun Campusa

2000ko urteetan hasitako unean uneko lankidetza batzuetatik abiatuta, Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateen arteko euroeskualdeko dinamikak aldaketa erabakigarria izan zuen 2011. urtean, UPV/EHUren “Euskampus” proiektua eta Bordeleko “IdEx Bordeaux” proiektua martxan jartzearekin batera, Espainiako eta Frantziako nazioarteko bikaintasun programa nazionalen testuinguruan.

Testuinguru horretan, bi unibertsitateek euroeskualde komunitate bat eratzeko eta garatzeko helburua finkatu zuten (Euskal Herria-Bordele ardatza), ikerketa, prestakuntza eta jakintzaren transmisioaren alde egiteko. Aliantza horrek aurreratu zuen jada 2011n Europako lehen campus gisa eratzea.

Gaur egun, Nazioarteko Bikaintasun Campus honek 110.000 ikasle, 9.000 irakasle-ikertzaile, eta 5.000 administrazio eta zerbitzuetako langile biltzen ditu. Haren jardueraren oinarrian lau ardatz hauek daude: hezkuntza; enplegagarritasuna eta ekintzailetza; ikerketa eta berrikuntza; konpromisoa eta nazioarteko sustapena.

Aliantza horrek graduondoko baterako lau titulu sortzeko aukera eman du arlo hauetan: itsas baliabideak (Erasmus Mundus gisa aitortua), enologia berrikuntza, finantzak, eta bioinformatika. Gainera, aliantza horren bultzadaz, Euskal Herriko eta Bordeleko ikasleen arteko mugikortasuna areagotu da, tutoretza bikoitzeko erregimenean doktoregoak egin dira (25 tesi abian, urtean), mugaz gaindiko bi laborategi sortu dira (fabrikazio aurreratuan eta nanozientzian), eta Ocean Experience campus baten proiektua bultzatu da, zeina 50 enpresen eta euroeskualdeko eragile askoren ekosistema batean oinarritzen baita.