euskaraespañol

UPV/EHUk eta Osakidetzak elkarlana sendotu dute Osasun Zientzien irakaskuntzan eta ikerketan

Hitzarmen bat izenpetu dute bi erakundeen lankidetza esparrua eguneratzeko eta EAEko asistentzia azpiegitura publikoak alor horietan erabiltzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/16

Irudia
Eva Ferreira eta Gotzone Sagarduik hitzarmena sinatu dute. Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Diziplina akademiko gutxik dute horren lotura estua lanbidearekin Osasun Zientzien jakintza arlokoek baino. Asistentzia azpiegitura publikoen erabilera irakaskuntzan eta ikerketan erregulatzeko, UPV/EHUk eta Osakidetza - Euskal Osasun Sistemak beren harreman esparrua berritu dute hitzarmen baten bidez.

Hori horrela, gaur arratsaldean, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, bi erakundeen arduradun gorenek, Eva Ferreira errektoreak eta Gotzone Sagardui Osakidetzako presidente eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, hitzarmen hau sinatu dute, osasun arloko azpiegiturak unibertsitate jardueretan erabiltzeko, beharrezkotzat jotzen zen eguneratzea, kontuan izanik aurreko dokumentua 2008koa dela.

Hitzarmenaren helburu espezifikoak dira Osakidetzaren baliabideak gehiago eta hobeto erabiltzea euskal unibertsitate publikoak Osasun Zientzien alorrean irakasteko eta ikertzeko; elkarlanean aritzea osasun langileen eta irakasleen kualifikazioaren garapenean; irakaskuntza indartzea graduondokoetan; irakaskuntza praktikoa erraztea; eta ikerketa bokazioak sustatzea.

Gaur egun, UPV/EHUk hainbat gradu irakasten ditu Osakidetzaren instalazioetan (Medikuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Odontologia, Farmazia, Psikologia, Giza Nutrizioa eta Dietetika); gradu bikoitz bat (Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika); 9 master ofizial; eta 10 berezko titulu (espezialistak eta berezko masterrak). Gaur izenpetutako akordioak eragina izango du irakasle multzo zabal batengan; zehazki, 530 irakasle-ikertzaile baino gehiagorengan. Ikasleei dagokienez, 2.700 ikaslek baino gehiagok egiten dituzte graduko ikasketak Osakidetzaren instalazioetan. Hitzarmena hedatuko da Osakidetzak hiru lurraldeetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) dituen Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietara, haien ospitale, lehen mailako arreta zentro eta kontsultategietara.

Hitzarmen berriaren berritasun nagusien artean, nabarmentzekoak dira azken urteetan sortutako titulazio guztiak haren erregulazioan sartzea, baita Osakidetzaren zentro berriak ere (ospitaleak edo lehen mailako arreta zentroak); lotutako irakasleen eta irakasle elkartuen eginkizunen eta erantzukizunen definizio zehatzagoa; instalazioen erabilera zabaltzea (doktorego tesiak ez ezik, gradu eta master amaierako lanak ere egiteko); eta akordioaren jarraipenerako Batzorde Mistoaren eta ospitale batzordeen funtzionamendua berrikustea eta hobetzea.

Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektoreak oso positiboki baloratu du hitzarmen berria: «praktika klinikoa funtsezkoa da Osasun Zientzietako profesionalen prestakuntzan. Hori dela eta, ikuspuntu akademikotik eta sanitariotik, betebehar bat da harreman sendoak eraikitzea unibertsitatearen eta osasun sistemaren artean.  UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko harremana ezin hobea da, egia bada ere titulu berriek eta osasun zentro berriek behartu egiten gaituztela etengabe gure akordioak berrikustera eta errealitate dinamiko eta aldakor batera egokitzera. Gainera, elkarren osagarri diren bi erakunde gara: osasun sistema egoki batek unibertsitate prestakuntza egoki bat behar du, eta unibertsitate prestakuntza egoki batek osasun sistema egoki baten beharra du. Beraz, akordio honen bidez, berritu egingo dugu bi behar horiei osoki erantzuten dien hartu-emana».

Bere aldetik, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak akordioaren garrantzia nabarmendu du, beste urrats bat dakarrelako herri honen osasun erakundeen eta unibertsitate publikoaren arteko lankidetza luze eta emankorrean, helburu berak batzen dituen erakundeak: hots, ahalik eta prestakuntza hoberena ematea biharko osasun profesionalak izango diren egungo ikasleei. Azken batean, auzolana, Eusko Jaurlaritzaren baitan ere bultzatzen dena, oraingo honetan Osasun eta Hezkuntza sailen artean, indarrak batu baitituzte UPV/EHUk eta Osakidetzak beren harremanak estutu ditzaten, unibertsitate prestakuntza hobetzeko, ikerketaren alde egiteko eta profesional eta irakasle bikainak sortzeko.

Eva Ferreira errektorearen adierazpena, UPV/EHU-Osakidetza hitzarmenari buruz

Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren adierazpena, UPV/EHU-Osakidetza hitzarmenari buruz