UPV/EHUk ikerketarako laguntza berriak onartu ditu, guztira, 1,8 milioi euroko aurrekontuarekin

Helburua ikertzaileak beren lana egiteko eta transferitzeko behar dituzten bitartekoez hornitzea da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/19

Ikerketaren kualifikazio maila handi bati eusteko eta nazioartean lehiatu ahal izateko helburua izango du deialdi horrek. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUk ikerketarako hainbat laguntza onartu ditu 2019. urterako, eta ia 1,8 milioi euro bideratuko ditu xede horretara. Onartutako hiru deialdietatik lehenengoaren helburua sailetan egiten den ikerketa sustatzea da. 872.525 €ko deialdi honen bidez euskarri ekonomiko osagarria eskaini nahi zaie sailei, bertako irakasle-ikertzaileen ikerkuntza jarduna indartu eta bistaratzeko.

“Deialdi hau berria da eta unibertsitateko sail desberdinak ekonomia-baliabidez eta informazioz  hornituko ditu. Irakasle-ikertzaileen ikerkuntza jarduerak eta ekimenak biztu eta bermatzeko aukera izango dute hala sailek”, azaldu du Ikerketaren arloko errektoreorde José Luis Martínek.

Beste deialdietako baten helburua azpiegitura zientifikoa eta funts bibliografikoak erostea eta berritzea izango da, ikerketaren kualifikazio maila handi bati eusteko eta nazioartean lehiatu ahal izateko. 400.000 €-ko zuzkidura izango du deialdi horrek.

Hobekuntza maila eta espezializazio

Azken deialdiak doktore berriak doktorego ondoko UPV/EHUko prestakuntza programetan sartu arte kontratatzeko laguntzak biltzen ditu, eta guztira 500.000 €-ko partida du. Deialdi honen helburua da UPV/EHUn prestakuntza bidean ari eta doktore titulua eskuratu duten ikertzaileei lan kontratu berri bat eskaintzea, beren ikerketa jarduerari jarraipena emateko, hobekuntza maila eta espezializazio profesional handia lortzera bideratuak, esperientzia profesionala sendotu ahal izateko horrela.

“Deialdi honekin azken hilabeteetan tesia burutu eta jakintzaren arlo bakoitzean ekarpen handienak egin dituzten pertsonak geureganatu nahi ditugu, nahi izanez gero ikerketa jardueraren trebakuntza osatzeko”, adierazi du Martínek.