euskaraespañol

UPV/EHUk jokabide makurrak eragozteari eta etika akademikoari buruzko protokoloa abiarazi du

Helburua orientatzea da zer jokabide izan daitezkeen iruzurrezkoak, nola jokatu behar den halakoak gertatzen direnean eta zer ondorio izan ditzakeen halako jokabideak izateak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/31

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak «Protokoloa, UPV/EHUko ebaluazio probetan eta lan akademikoetan jokabide makur eta iruzurrezkoak eragozteari eta etika akademikoari buruzkoa» sortu du. Jardun akademikoan etika eta zintzotasunez jokatzeko jarraibide zehatzak finkatzea da protokoloaren helburua, baita unibertsitateko ebaluazio probetan edo lan akademikoetan tarteka gertatzen diren iruzurrak, kopia eta/edo plagioak prebenitzea eta zigortzea ere.

Protokolo horren bitartez argitasuna ekarri nahi da esparru horretara eta, hori lortzeko, unibertsitateko kide guztiei jardun akademikorako orientabideak ematen zaizkie. Egoera askotan aplika daiteke protokoloa, eta hauek biltzen ditu besteak beste: titulazioetako ikasketa planetan emandako irakasgaiak; unibertsitatean sartzeko proba; eta titulazio jakin batzuetan sartzeko aldez aurreko baldintza gisa egiten diren proba espezifikoak.

Zehazki, indarreko arauen arabera, ebaluazio prozeduretan nagusi izan behar duten printzipio eta irizpideetan zehaztutako eskakizunak erakutsi nahi zaizkie ikasleei protokoloaren bitartez, baita printzipio eta irizpide horiek ez betetzeak izan ditzakeen ondorioak ere. Ikasleak kontzientziatu nahi dira, irregulartasunik egin ez dezaten. Bestalde, ebaluazio probak zaintzeko edo probak eta lan akademikoak zuzentzeko ardura duten irakasleei orientazioa eskaini nahi zaie zer neurri hartu behar dituzten iruzurra edo hori eragin dezakeen debekatutako jarduketaren bat egin dela ikusten badute.

Helburu horiek lortzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak jarduketa jakin batzuk abiarazi ditu, hala nola Zintzotasunez eta Portaera Etikoz Jokatzeko Konpromisoaren Adierazpena, sartu berri diren ikasleek matrikulatzean edo plagioen aurkako programak erabiltzean sinatu beharrekoa.

Graduko Batzordeak eta Graduondoko Batzordeak protokoloaren aldeko txostena eman zuten maiatzean, eta jada zabaltzen ari dira unibertsitateko kideen artean, guztiek izan dezaten haren berri.

Araceli Garin Gradu eta Graduondoko Ikasketen errektoreordearen iritziz “beharrezkoa da gure ikasleak beraien unibertsitateko bizitza akademikoan zehar praktika zuzenen garrantziaz kontzientziatzea eta bestalde gure irakasleak orientatu eta babestu UPV/EHUk bultzatzen dituen balio etikoen aurkako jardueren aurrean”.