euskaraespañol

UPV/EHUk lau gradu bikoitz berri emango ditu 2019/2020 ikasturtean

Unibertsitateak urrezko domina bana emango die Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/14

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak lau gradu bikoitz berri emango ditu 2019/2020 ikasturtean, gaur, azaroak 13, Gobernu Kontseiluak erabaki duenez. Hiru Arabako Campusean emango dira eta laugarrena, Bizkaiko Campusean. Honako hauek dira titulazio berriak:

  • Ingeniaritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza, Gasteizko Ingeniaritza Eskolak koordinatuko duena eta ikastegi horretan eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Arabako Atalean emango dena.
  • Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza, Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Arabako Atalak koordinatuko duena eta ikastegi horretan eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolan emango dena.
  • Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitza, Farmazia Fakultateak koordinatu eta emango duena.
  • Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradu Bikoitza, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak koordinatu eta ikastegi horretako Bizkaiko Campuseko egoitzan (Leioa-Erandio eremuan) eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Elkanoko Atalean emango dena.

Gradu bikoitzak eman ahal izateko ikastegi eta titulazio desberdinen arteko lankidetza sustatzea errektorego talde honen lehentasunetako bat da arlo akademikoan, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak, Araceli Garinek, adierazi duenez. Errektoreordearen iritziz, gradu bikoitzek gero eta eskakizun zorrotzagoak egiten dituen gizarteari eta testuinguru ekonomikoari erantzuten diote, eta horrek eskatzen du gure unibertsitatea premia berrietara egokitu dadila eta ikasleek gero eta prestakuntza malguagoa eta konplexuagoa izan dezatela. Lau titulazio berri horiekin, zazpi izango dira UPV/EHUk eskainiko dituen gradu bikoitzak, dagoeneko unibertsitateak hiru hauek ematen baititu: Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza, urtez urte UPV/EHUko ikasleek gehien eskatzen dituzten titulazioak direnak, eta Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza, aurtengo ikasturtetik (2018/2019) hasita Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan ematen dena.

Ikastegi berri bat UPV/EHUri atxikitzeko prozedura

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Goimailako Online Institutua (Goi. eus) Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzeko prozedura ere onartu du. Erabaki horrek Unibertsitateen Lege Organikoaren eta UPV/EHUren Estatutuen babesa dauka eta unibertsitate eskaintza zabaltzea du helburu, berari esker Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Baxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra euskaraz eta on-line eman ahal izango baita.

Prozedura onartu egin denez, unibertsitateak Gizarte Kontseiluari aurkeztuko dio erabakia, txostena egin dezan. Gero, espedientea Eusko Jaurlaritzari igorriko zaio, hala badagokio, ikastegiaren sorrera baimendu dezan, erakunde horrek baitauka horretarako eskumena.

Horrela, Euskal Herriko Unibertsitateak erantzuna eman ahal izango dio gizarteak gaur egun egiten duen eskaerari: masterra (Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko gaitzen duena) Euskal Autonomia Erkidegotik irten gabe egin ahal izatea, gaur egun ez bezala.

Urrezko dominak

Bestalde, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak erabaki du Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari unibertsitatearen urrezko domina ematea.  Urrezko Dominaren bidez, unibertsitateak aitorpena egiten die zientzietan, letretan edo arteetan egindako lan bikainari esker gure erakundearen itzala handitzen lagundu dutenei, edo UPV/EHUri aparteko zerbitzuak eman dizkiotenei.

Zehazki, Euskaltzaindiari dagokionez, nabarmendu dute erakunde hori izan dela «euskarak unibertsitatean gaur egun daukan ahozko eta idatzizko presentzia bideratu eta bere aholkuaz gehien sustatu dutenetako bat». Unibertsitateak Euskaltzaindiarekin duen harremana oraina eta etorkizuna ere bada, irakasleek bertan parte hartzen dutelako, eta bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenak ere badaudelako liburuak argitaratzeko, ikerketak egiteko eta sariak antolatzeko.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzak, duela mende bat 1918ko Oñatiko Biltzarrean sortutakoak, bere sorreratik bertatik aldarrikatu zuen probintzia desberdinetan ikastegiak izango zituen euskal unibertsitatea, zuzendaritza bakarrekoa, eta ikerketa eta nazioarteko hedapena ardatz hartuko zituena. UPV/EHU hainbat ekimen, saiakera eta proiekturen emaitza da, baina aurrekari eta ikusmolde horietan islatuta ikusten du bere burua, baita Eusko Ikaskuntzak euskal unibertsitatearen alde egindako lan guztian ere. Gainera, UPV/EHUk eta Eusko Ikaskuntzak harreman estua izaten jarraitzen dute, sozietate horren gobernuan eta kudeaketan parte hartzen duten irakasleei esker, eta bi erakundeetan graduondokoak eta prestakuntza ikastaroak eskaintzeko bidea ematen duten hitzarmenei esker.