UPV/EHUk onartu egin du adingabeak zaintzeagatiko kontziliazio baimenak baliokidetzeko akordioa

Bi gurasoek 18 aste izango dituzte haurra jaiotzen denean, eta adopzio zein harrera kasuetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/11

Conciliación. Foto: UPV/EHU

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu egin du adingabeak zaintzeagatiko kontziliazio baimenak baliokidetzeko akordioa, irakasle‑ikertzaileentzat eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat. Akordio horri esker, bi gurasoek 18 asteko baimena izango dute haurra jaiotzen denean, bi ama biologikoak bai beste gurasoak. Baimen hori ere hartu ahal izango da adopzio eta harrera kasuetan.

Akordioan jasotakoaren arabera, baimena honela hartu behar da: lehenengo sei asteak bi gurasoek aldi berean, etenik gabe, jaiotza, adopzio edo harrera egunetik aurrera; eta gainerako hamabi asteak elkarren segidan, etenekin edo etenik gabe.

Euskal Herriko Unibertsitateak, beraz, bi gurasoen baimenak baliokidetzen ditu, bi gurasoek ahalik eta denbora gehienean zain ditzaten adingabeak, hamabi hilabete egin arte; eta, era berean, bi gurasoen erantzunkidetasuna bultzatzen du, baldintza berdintasunean.

Sindikatu guztien babesa duen akordio honen bidez UPV/EHUk bere arautegian txertatzen du unibertsitatearen III. Berdintasun Planeko artikuluek gai honen inguruan diotena, bai eta honako hauek diotena ere: 6/2019 Errege Dekretuak, lanean dauden emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzkoak; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bateratuak; eta Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak helburu berberaz irailaren 17an hartutako erabakiak.