UPV/EHUk partzialki ekin dio aurrez aurreko jarduerari deskonfinamenduko 3. fasean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/12

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea jarduera akademiko guztiaren normaltasuneranzko trantsizioa moldatzen ari da. Errektorearen erabaki berri batek aukera ematen du aurrez aurreko jarduera akademikoak, teorikoak zein praktikoak, berriz hasteko. Titulazio ofizialak, berezkoak, etengabeko prestakuntzakoak edo profesionalei zuzendutakoak hartzen ditu, jarduera horiek aurrez aurrekoa ez den beste moduan ezin badira egin.

Horrek ez du eragozten irakaskuntza jarduera urruneko eta online modalitateen bidez garatzea 2019-2020 ikasturteko eskola aldia amaitu arte.

Jarduera akademikoaren aurrez aurreko garapena kasuan kasuko errektoreordeek zehaztutako baldintzetan egingo da, zentroek  itzulera planak egokitu ondoren.

Irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak instalazioetara, ikastetxeetara eta laborategietara sartzeko, bete beharko dira indarrean dauden osasun, segurtasun eta higiene neurriak, babes arauak eta pertsonen artean gutxieneko distantzia fisikoa.