euskaraespañol

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, loteriaren hamar milioi dezimotan

Elkano sekzioaren jaiotzaren 200. urteurrena dela eta, abuztuaren 31n, larunbata, zozketatuko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/08/29

Irudia
‘Loterías y Apuestas del Estado’ elkartearen dezimoak UPV/EHUko Enpresa eta Ekonomia Fakultateko Elkanoren sorreraren 200. urteurrena islatzen du.

‘Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado’ erakundeak Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultateari eskainiko dio abuztuaren 31n zozketatuko den dezimoa bere 200.urteurrena ospatzeko.

Hori dela eta ‘Loterías y Apuestas del Estado’ elkarteak hamar milioi dezimo jarriko ditu salgai. Denera 42 milioi € banatuko dira, azpimarratzekoak dira serie bakoitzeko 600.000 €ko sari nagusi bat eta 120.000 €ko bigarren sari bat izango direla, besteak beste.

“Loteria Nazionalaren dezimoak, zabalkunderako baliabide ere badenak, ezagutzera ematen ditu, Espainia osoan zehar, kultura eta kirol ekitaldiak eta gure herriko erakundeekin lotutako data esanguratsuak, adibidez, datorren larunbatean oroituko duguna’, adierazi du ‘Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado’ erakundeak.

200 urteko historia eta prestakuntza

‘Loterías y Apuestas del Estado’ elkartearen dezimoak UPV/EHUko Enpresa eta Ekonomia Fakultateko Elkanoren sorreraren 200. urteurrena islatzen du, merkataritza-irakaskuntzan munduko lehenengo zentroetakoa izanik. Bada, XVII eta XVIII. mendeetan zehar nabaria izan zen merkataritzan oinarritutako prestakuntzaren beharra, harik eta 1800. urtean Bilboko Kontsulatuak hiribilduko merkatarien artean zabaldu zuen arte.

Napoleonen inbasioaz geroztik arautegi-proiektu bat landu zen 1818ko uztailaren 9ko Errege Xedapenaren bidez onartuta. Lau katedra sortu ziren: matematika, frantsesa, ingelesa eta marrazketa, horietatik lehenbizikoan kontabilitate-ikasketak sartuz.

Eskolak etapa ezberdinak igaro zituen. Aurrenekoa, Kontsulatuak Udaletxeko goiko solairuetan zeuzkan lokaletan hasi zen, klaseak 1818ko azaroaren 18an hasita. Bigarrena, 1850eko irailaren 8ko Errege Dekretuaren bidez Espainian merkataritza-ikasketak modu ofizialean antolatu zirenean hasi zen, Isabel II.aren sasoian alegia. Klaseak Bigarren Hezkuntzako Institutuan ematen hasi ziren Nautikako Eskolarekin batera, 1887ra arte.  Emandako tituluak merkataritza-peritua eta merkataritza irakasle ziren.

Hirugarren etapan Bilboko Eskola merkataritzako goi-mailako eskola bihurtu zen. Laugarrena, Bilboko eskola goi merkataritza-ikasketen eskola bihurtuta abiatu zen, 1920ko abuztuaren 6ko Errege Dekretuari esker. Merkataritza-intendentziako (lizentziaturaren parekoa) eta aseguruen aktuariotzako graduak ezarri ziren orduan. 1927an inauguratu zen egungo Elkano eraikina.

Eskolako historiaren bosgarren etapa, Hezkuntzari buruzko eta Hezkuntza-erreformaren finantzazioaren gaineko 1970eko abuztuaren 4ko Lege Orokorrak definitu zuen, merkataritza-ikasketak  berriro ere egituratuz. Merkataritzako Irakasleen Ikasketa-Gradua eskaintzen zuten Merkataritza eskolak, Bilbokoa horien artean, Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola bihurtu ziren. Hauen lehendabiziko plan esperimentala, halaber, Enpresa Zientzien Diplomatura, 1971-72. ikasturtean hasi eta 1998-99ra arte mantendu zen, hiru espezialitateetan: Kontabilitatea, Merkataritza eta Administrazioa.

Egungo etaparen ezaugarri nabarmena da Eskola Fakultate berri baten barruan integraturik dagoela UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko planetan (2015eko uztailaren 9ko EHAA), hala ezarrita.