euskaraespañol

Arte Ederren Fakultateko ikasleek bi liburu sortu dituzte Azurmendi jatetxerako

Bi argitalpenak UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatearen eta Basque Know How fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/10

Alumnado de la UPV/EHU crea dos libros para el restaurante Azurmendi
Jone Guarrotxena, Garazi Ruiz, Basque Know How fundazioko arduradun Lorea Uribarri eta Janire Flores. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

“Naturaren inudeak, Intérpretes de la naturaleza” liburuak Eneko Atxaren jatetxeari eta bertako langileei produktuak hornitzen dizkieten pertsonak aurkezten ditu. Bestalde, “Cuaderno de flores y plantas de Bizkaia” liburuan, sukaldaritzako kreazioetan erabiltzen dituzten loreak eta basalandareak jaso dira.

“Naturaren inudeak, Intérpretes de la naturaleza” liburuak, Arte Ederren Fakultateko ikasleek eginiko irudi orijinalen bidez, Azurmendi jatetxeari elikagaiak hornitzen dizkioten gizon eta emakumeak aurkezten ditu. Gehienak Eneko Atxaren sukaldaritzara hurbileko osagaiak, besteak beste, Zallako tipula gorriak, baserriko arrautzak, indabaka, haragia edo arraina eta mariskoa, daramatzaten tokiko ekoizleak dira.

Liburua UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko 9 ikaslek prestatu dute: Maider Alday, María Delgado, Janire Flores, Jone Guarrotxena, Leire Orueta, Miel Oyarzabal, José David Romero, Garazi Ruiz eta  Julia Subiza. Esperientzia paregabea izan dela aitortzen dute.  ‘Bakoitzak hiru ekoizle bisitatu ditugu, beren lan giroan, baserri, portu edo granjetara joan gara, hurbiletik ikusteko nola mimatzen dituzten beren produktuak, eta beraiek ezagutzeko eta, gero, liburuan irudikatzeko’, azaldu dute Garazi Ruizek, Janire Floresek eta Jone Guarrotxenak.

Pertsona hornitzaileez gainera, argitalpenean hiru Michelin izar dituen Larrabetzuko jatetxeko langileak ere aurkezten dira. “Oso liburu berezia da; jatetxeak bezeroei oparituko die, elikagaien jatorria, ekoitzi dituzten pertsonak eta sutegietan prestatu dituzten pertsonen jatorria ezagutzeko”, esan dute hiru ikaslek.

Cuaderno de flores y plantas de Bizkaia

Bigarren liburuan ere UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek parte hartu dute, eta “Cuaderno de flores y plantas de Bizkaia” izenburua du. Julia Subiza, Zuriñe Ibarra, José David Romero eta Nora Solaren artelana da.  Argitalpenean Azurmendi jatetxean erabiltzen dituzten lore eta basalandareak ageri dira. “Liburua egiteko, ibilbideak egin ditugu Urdaibai eta Urkiolatik, Juanjorekin batera, sukaldarietako batekin batera; naturan bertan erakusten zizkigun beren kreazioetan erabiltzeko biltzen dituzten lore eta basalandareak”, esan du Zuriñe Ibarrak. Ikasleek argitalpenean irudi orijinalekin eta jatorriaren, ezaugarrien eta Eneko Atxaren sutegietan ematen zaizkien erabileren azalpenekin jaso dituzte.

Bi argitalpenak UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatearen eta Basque Know How fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza dira. Liburuak sortzeko prozesuan, ikasleek, beren lan artistikoa irudien bidez garatzeaz gainera, liburu bat prestatzeak eskatzen duen prozesu osoa ere ezagutu dute, landa lanetik hasi eta maketaziora eta inprimatzeko prozesura arte.