euskaraespañol

UPV/EHUko ikasleek eginiko dokumental bat, Utrechteko CampusDoc Film Festivaleko finalista

Dokumentalak erakusten du nola arteak Bilboko San Frantzisko auzoa dinamizatu eta birgaitu duen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/02

(Beste leiho bat zabalduko du)
UPV/EHUko ikasleek eginiko dokumental bat, Utrechteko CampusDoc Film Festivaleko finalista
UPV/EHUko ikasleek eginiko dokumental bat, Utrechteko CampusDoc Film Festivaleko finalista

Dokumentala, “Sketch of San Francisco”, CampusDoc jaialdiak hautatutako 32 lanetako bat izan da. Nazioarteko lehiaketa horrek oihartzun handia du, han hautatzen diren lanetako asko izen handiko jaialdietara iristen direlako, eta batzuk telebistan ere botatzen dituzte, gainera.

“Sketch of San Francisco", Jone Gartzia, Heleen Zijlstra, Marta Martin, Liliane Desbaillets eta Jinye An UPV/EHUko ikasleek egindako dokumentala, CampusDoc 2018n parte hartzeko hautatu dituzten 32 lanetako bat da. Herbehereetako Utrecht School of Journalism eskolak antolatzen du nazioarteko jaialdi hori, eta ikasleek sortutako kazetaritza dokumentalak baino ez dituzte aurkezten han. UPV/EHUko ikasleok Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko “Dokumental tailerra” ingelesezko irakasgaiaren barruan egin zuten film laburra.

UPV/EHUko ikasleen dokumentala Bilboko San Frantzisko auzoari buruzkoa da; hain zuzen, erakusten du nola laurogeiko urteetako krisi ekonomikoak zigortutako gune hori degradatzen hasi zen hurrengo hamarkadetan, drogaren, langabezia tasa handiaren eta aurreiritzi txarren ondorioz. Dokumentalak agerian jartzen du Bada artistaren lana; hark, DK Muralismo fundazioaren bidez, auzoaren egoera hobetu zuen. Badak aztertzen du hiriko artea eta tokiko bizilagunen arteko kooperazioa zeinen garrantzitsuak izan diren (eta oraindik ere diren) San Frantzisko auzoa eta oro har Bilbo osoa berreraikitzeko. “Gaur egun, Bilbo Guggenheim museo ospetsuagatik eta izan duen eraldaketagatik goraipatzen da, baina arte modernoaren historia hau oraindik kontatzeke zegoen. Aztertu dugu nola aldatu den Bilboko auzo honen egoera 80ko hamarkadaz geroztik, baita itxuraz inoiz aldatzen ez diren zenbait gauza ere”, esan dute dokumentalaren egileek.

CampusDoc Film Fest

CampusDoc ikasleek eginiko kazetaritza dokumentalak erakusten dituen nazioarteko jaialdi bakarra da. Filmak Utrechten erdiguneko Louis Hartlooper zinema aretoan ematen dira, eta hala dokumentalen munduko aditu eta zale ugari nola hedabideetako profesionalak joaten dira ikustera. Filmak bota ondoren, sarien ekitaldia egiten da, eta hantxe jakinarazten dira jaialdiko irabazleak; aurtengo ekitaldia joan den ekainaren 17an izan zen.

CampusDoc Film Fest CDFF jaialdiaren aurreko edizioetan aurkeztutako dokumentalak izen handiko nazioarteko zinema jaialdi askotan izendatu dira, eta, are, telebistan ere bota dituzte batzuk. Horregatik, “Sketch of San Francisco” dokumentalarentzat eta haren egileentzat oso garrantzitsua da euren lana hautatu eta jaialdian erakutsi izana. CampusDoc jaialdiaren helburua da gazte talentudunei bultzada eta babesa ematea eta kalitatezko kazetaritza dokumentala mundu osoan sustatzea.