euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaile Arkaitz Correak jaso du Kimika Organometalikoan Espezializatutako Ikertaldearen (KOET) saria

“Batzuetan kontrakorrontean goaz hain lehiakorra den arlo honetan”, adierazi du Correak.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/11

Irudia
Aitor Correa. Argazkia: UPV/EHU

Kimika Organometalikoan Espezializatutako Ikertaldeak (KOEI) urtero hiru sari ematen dizkie arlo horretan egindako ekarpen bikainengatik nabarmendu diren ikertaldeko kideei. Aipamenak honako hauek dira: Rafael Usón domina, Ikerketa Bikaintasunaren Saria, eta Ikertzaile Gazteentzako Saria. Azken sari hori Arkaitz Correak jaso du, 2006an Kimika Organikoan doktoregoa eskuratu zuenak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

Ikertzaile Gazteen Saria 40 urte baino gutxiago dituzten KOEIko kideei ematen zaie, eta horretarako hautagaien ikerketa ibilbidea baloratzen da eta, bereziki, ikerketa lidergoari eta independentziari lotutako alderdiak.

Azken bost urte hauetan, Arkaitz Correa metodologia sintetiko berriak garatu ditu, kimika jasangarriaren testuinguruan. Kimikaren arlo horretan, lehengai merkeak eta toxikotasun gutxikoak edo gabekoak erabiltzen dira, baita naturan ugari diren kostu gutxiko trantsizio metalak ere. Zehazki, C-H loturen funtzionalizazio erreakzioak ikertu ditu; lotura horiek konposatu organiko guzti-guztietan daude, eta, beraz, oso erraz eskuratu daitezke.

Azken bi urteetan, hain zuzen, Correak eta haren taldeak oinarrizko ikerketa hori interes biomediko handiko eremu aplikatu baterantz eraman dute, halakoa baita konposatu peptidikoen aldaketa selektiboa. Konposatu horiek aktibitate biologiko potentziala duten proteinak osatzen dituzte, eta, hortaz, aldaketa selektibo bat ahalbidetzen duen forma orok diziplinarteko interesa handia du.

Ikuspegi horri esker lortu du aintzatespena. “Poz handia hartu dut, eta saria eskertzen dut. Aurrera jarraitzeko bultzada bat da; izan ere, askotan, hainbeste oztoporen eraginez kanpora joan nahi izaten dugu, non ikertalde bat sortzeko baldintzak hemengoak baino askoz ere hobeak baitira, eta hori horrela da, ezbairik gabe”, ziurtatu du Correak.

Ikertaldean bakarrik bost pertsona zeuden arren, “oso harro nago horrelako talde bat, txikia eta oso bitarteko gutxikoa, kimika mota horren abangoardian egoteko lehiatzen ari delako, eta hori ez da erraza; izan ere, arlo horretan ibilbide luzeko ikertaldeak ari dira lanean, pertsona askok osatzen dituztenak eta nazioartean prestigio handiko zentroetan lanean ari direnak”, berretsi du Correak.