UPV/EHUko Medikuntzako bederatzi graduatu, zazpi gizonezko eta bi emakumezko, BAMEko (MIR) lehen 50en artean

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Joseba Pinedak azpimarratzen duenez, “arrakasta tasari dagokionez, gure graduatuek lehen postuen % 18 lortu dute”

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/27

UPV/EHUko Medikuntzako ikasleak. (Argazkia: Mitxi.UPV/EHU)

UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko bederatzi ikasle daude, zazpi mutil eta bi neska, BAME hautaketa probako lehen 50 onenen artean: Andoni López Maseda (8.a), Ander García San Miguel (13.a). Alain García Olea (18.a), Guillermo Ibarrondo Arzua (21.a), Sandra Maeso Mendez (32.a), Jon Martín Prieto (34.a), Iñaki Santamarina Rentería (47.a), Iñigo Fernández de Barrena Sarasola (48.a) eta Oihane Abuanza de Juan (49.a).

Joseba Pineda Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa oso pozik agertu da 2019ko BAME deialdian lortutako emaitzak direla eta. “Datuen berrespenaren zain gaudelarik, lortutako emaitzak bikainak dira gure fakultatearentzat. Hauxe da gure arrakasta tasa: gure graduatuek lehen postuen % 18 lortu dute, eta portzentaje hori gure fakultatetik aurkeztu direnen portzentajea baino askoz handiagoa. Aurten, gainera, lehen 25 postuetan lau ikasle daude (2018an baino hiru gehiago), eta, top 50 kontuan hartuz gero, bederatzi daude, iaz baino bost gehiago”, adierazi du Joseba Pinedak.

BAMEko hautaketa proba otsailaren 2an izan zen. Guztira, 15.884 pertsonak egin zuten prestakuntzarako 6.797 plazetako bat lortzeko sarbide proba, egoiliar sistemaren bidez, 55 espezialitate medikoetakoren batean. Euskal Autonomia Erkidegoan 371 medikuntza-egoiliar plaza eskaini dira.

Probak 225 galdera zituen, aukera anitzekoak, hamarretik gora erreserbakoak. Ariketaren iraupena bost ordukoa izan zen. Deialdi honetako gutxieneko nota 159 puntukoa izan da. Hamar azterketa onenen batez besteko nota, aldiz, 559,7 puntukoa. Azken balorazioa egiteko, probara aurkeztutako pertsonaren espediente akademikoa hartzen da kontuan. Martxoaren 21ean ezagutuko dira behin betiko emaitzak, apirilaren 22an egoiliar plazak esleitu eta maiatzaren 27an plaza hartu.