euskaraespañol

UPV/EHUko Rafael Cazarin ikertzaileak «Ivan Varga» saria irabazi du

Soziologiako Nazioarteko Elkartearen mundu biltzarrean jaso du ikurra, Toronton

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/23

UPV/EHUko Rafael Cazarin ikertzaileak «Ivan Varga» saria irabazi du
UPV/EHUko Rafael Cazarin ikertzaileak «Ivan Varga» saria irabazi du

UPV/EHUko soziologo eta ikertzaile Rafael Cazarínek belaunaldi berriko ikertzaileentzako «Ivan Varga» saria irabazi du. Nazioarteko Soziologia Elkartearen sari horrek aitorpena egiten dio nazioarte mailan garrantzitsua den Soziologiaren arloko artikulu bat argitaratu duen doktore berri bati.

Saritutako lana Cazarinek lau urtez egindako ikerketa konparatibo bat da, aztertzen duena komunitate erlijiosoen rola Saharaz azpiko Afrikako etorkinen integrazio sozialean, Bilbon eta Johannesburgen. Ikergai horretan sakonduz, Cazarínek doktorego tesia egin zuen, UPV/EHUko Soziologia II Saileko oraingo zuzendari Andrés Davila eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Mar Griera irakasleak zuzendari izanik.

Ikerketan aztertzen da Nigeriako eta Kongoko lider erlijioso migratzaileek beren komunitateetan betetzen duten rola. Komunitateok, gehienbat, Afrikako hainbat nazionalitatetako pertsonek osatzen dituzte (Kongo, Nigeria, Mozambike, Angola, Ekuatoreko Ginea, Ghana, Liberia). Azterlanean ikertzen da artzain erlijiosoek betetzen duten rola «dibertsitatearen kudeatzaile» gisa eta aholkulari legez nazionalitate edo talde etniko desberdinetako pertsonen arteko gatazketan. Liderrok, gainera, migrazio tramiteen gaineko informazioa ematen diote paperik gabekoen komunitateari, arrazakeria eta xenofobia gaiak lantzen dituzte, autobabeserako aholkuak ematen dituzte eta abar. Bitartekariak dira migratzaileen jatorrizko herrialde edo eskualdeetako balio eta arau kulturalen artean.

«Ikerketak erakusten du zein garrantzitsua den migrazio testuinguruetan erlijio aniztasuna bermatzen duten politikak indarrean egotea, migratzaileek beren integrazio estrategiak garatzeari begira» Estrategiok kontu ekonomikoetatik harago doaz, eta zerikusia dute alderdi psikosozialekin eta kidetza sentimenduarekin», esan du Rafael Cazarínek. Lanak badu ikuspegi konparatibo bat, erkatzen baitu nola egiten duten beren lana lider horiek Espainian eta Hegoafrikan, herrialde biok izanik bai migrazio ekonomikoa erakartzen duten poloak eta bai beste toki batzuetara joateko igarobideak. Tesia, zeinaren berri eman genuen Campusa aldizkarian, Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego sari berezia jasotzeko hautagaietako bat da datorren urterako.

Ivan Varga saria

Ivan Varga sariak aitorpena egiten die erlijioak modernitatean betetzen duen rola aztertzen duten Soziologiako ikertzaile gazteei. Ematen da, Soziologiako Nazioarteko Elkartearen mundu biltzarrean. Uztailaren 19an jaso zuen saria Cazarínek ekitaldi solemne batean, elkarteak egindako azken biltzarrean, Toronton (Kanada). Jim Spickard soziologo estatubatuarrak eman zion saria, Soziologiako Nazioarteko Elkarteko ikerketa batzordeko buruak. Suedia, AEB, Brasil eta Australiako lau adituk osatutako talde batek aukeratzen ditu sarituak, eta horretarako kontuan hartzen ditu hautagaien nazioarteko argitalpenen kopurua, haien curriculuma eta haiek idatzitako artikulu bat, erlijioa XXI. mendean ulertzeko kontzeptu, teoria, metodo edo analisi ildo soziologiko berriak proposatzen dituena.