euskaraespañol

UPV/EHUn titulatutako 4.200 pertsonak baino gehiagok osatzen dute jada EHUalumni sarea

Bere bigarren urteurrenean, ardatz estrategiko gisa ezarri ditu Mentoring eta Cicerone programak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/18

Irudia

EHUalumnik bi urte beteko ditu helburu honekin martxan jarri zenetik: UPV/EHUko ikasgeletan ikasi duten pertsonak biltzea eta esperientziak eta ezagutzak trukatzeko sare bat sortzea. Oraingoz, 4.200 tituludunek baino gehiagok parte hartzen dute sarearen programetan. Aurten, Mentoring eta Cicerone dira EHUalumniren estrategiaren ardatzak.

2018an, indartu egin da Mentoring programa, zeinaren bitartez UPV/EHUn titulua atera berri dutenak harremanetan egon baitaitezke lan orientabidetik haratago informazioa eta aholkuak emango dizkieten gidariekin Iaz, lau bikotek parte hartu zuten esperientzia pilotuan. Bigarren edizio honetan, 27 pertsonak partekatu dituzte esperientziak, trebetasunak eta ezagutzak.

Bestalde, Cicerone kanpoko sarea presente dago bost kontinenteetan. Oraingoz, 22 pertsona prest daude besteak beste Japoniara, Ekuatore Gineara, Alemaniara, Estatu Batuetara eta Australiara joaten direnei laguntzeko. Sareko tituludunek unibertsitateko kide guztiei (irakasleak, ikasleak, administrazioko langileak eta EHUalumni sarea) eskaintzen diete dauden herrialdeari, inguru geografikoari eta erakundeari buruzko beren esperientzia.

EHUalumniko presidente Iñigo Lamarca, sarea martxan jarri zenetik bi urte igaro diren honetan, oso harro dago proiektuarekin. "Poz handia ematen dit EHUalumniren presidentea izateak. Unibertsitate bikain honetan ikasi zuen edonori ere emango lioke, dudarik gabe. Nire kasuan, UPV/EHUko irakaslea izana ere batzen da. Baina poz handia ematen duena da helburu hauek dituen elkarte batekin inplikatua izatea: laneratzeko eta karrera profesionala bultzatzeko zerbitzuak eskaintzea, sarean lan eginez, elkarlana sustatuz, eta ezagutzak eta borondateak batuz. EHUalumnin eraberritzen ari gara, bideak irekitzen eta, batez ere, gure ikasleei laguntza ematen”, adierazi du Lamarcak.

EHUalumni sarea Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzaren ekimenez sortu zen. Txelo Ruiz Vázquez gaur egungo errektoreordearen hitzetan, “gure unibertsitateko emakume eta gizonak erreferentzia sozial, ekonomiko, politiko eta kultural bat dira. Gizarteari beren esperientzia eta ezagutza ematen diote, eta, horrez gain, gida bat dira belaunaldi berrientzat. Horregatik —pertsonak direlako gure balioa— sortu zen sare hau, eta lanean jarraituko du Euskal Herriko Unibertsitate publiko, konprometitu eta euskaldun honetako ikasleak harro egon daitezen bertako kide izateaz”.

EHUalumniren aurkezpen ofiziala UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egin zen, duela bi urte. Unibertsitateak elkartutako 400 pertsona bertaratu ziren sarearen aurkezpenera. Aitziber Garmendiak, Ibon Gaztañazpik, Jon Mayak, Maialen Lujanbiok, Alaia Martinek, Beñat Gaztelumendik, Kirmen Uribek, Mari Luz Estebanek, Bittor Rodriguezek eta Irrintzi Ibarrolak oroitzapenak eta esperientziak partekatu zituzten Belén Frau, Borja Sorazu, Joseba Jauregizar, Iraia Iturregi, Nélida Zaitegi, Mauri Lazcano, JJ Sanz, Pedro Esnaola eta abarrekin. Horiek dira 1980tik UPV/EHUn ikasi duten 300.000 pertsonetako batzuk.