euskaraespañol

Bost gradu bikoitz berri eta prestakuntza dual gehiago UPV/EHUren 2019-2020ko eskaintzan

Aurtengo eskaintzan gehitu egin dira nazioarteko titulazio bikoitzak, aukera ematen dutenak bi titulu eskuratzeko, bat UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/22

Irudia

Bost gradu bikoitz berri eta prestakuntza dual gehiago, horiek dira berritasun nagusiak nazioarteko titulazio bikoitzen kopuru zabalari eutsiko dion Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen 2019-2020ko eskaintzan.

“Gure unibertsitateak modalitate hauen alde egin duten apostuak helburu batzuk ditu. Hortaz, gradu bikoitzek, osagarri diren bi graduetako ikasgaiak nahasiz, ikasleei prestakuntza zabalagoa ematen diete; prestakuntza dualak ahalbidetzen du graduaren zati bat lan eremuan egitea, eta nazioarteko titulazio bikoitzek, nazioarteako esperientzia bikaina emateaz gain, atzerriko unibertsitate baten eta UPV/EHUren titulua eskuratzeko aukera ematen dute. Hiru modalitate hauek erakargarri gerta daitezke gradu tradizionaletako prestakuntza ezberdina nahi duten ikasleentzat”, azpimarratu du UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreorde Araceli Garinek.

Zehazki, honako hauek dira gradu bikoitz berriak: Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika; Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; eta Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (hirurak Arabako Campusean), eta Negozioen Kudeaketa + Lan Harremanak eta Giza Baliabideak (Bizkaiko Campusean). Horrez gain, Gipuzkoako Campusean ezarri nahi da Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Zuzenbidea. Gradu bikoitz hori, gradu bikoitzen aitzindaritzat har daitekeena, 2013-2014 ikasturtetik ematen da Bizkaiko Campusean eta lehenengo promozioak aurtengo ikasturtean bukatuko ditu ikasketak. Eskaintza beste gradu bikoitz hauek osatzen dute: Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa (Bizkaiko Campusean), 2018-2019 ikasturtean sarrera notarik altuena (13,1) izan duen titulazioa, eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (Gipuzkoako Campusean), hasierako urte honetan 11,3ko sarrera nota izan duena. [Ikusi gradu bikoitzen koadroa dokumentuaren bukaeran]

Halaber, UPV/EHU aitzindaria da unibertsitatea-enpresa prestakuntza dualean eta datorren ikasturtean modalitate horretako aukerak handituko dira. Hezkuntza eredu horrek konbinatu egiten ditu irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak enpresan eta unibertsitatean, era koordinatuan, ikas-ekinezko erregimenean, iraupen desberdineko egonaldiak eginez unibertsitatean eta enpresan. Aurtengo ikasturtean prestakuntza duala lau titulaziotan eskaini da: Automobilgintzaren Ingeniaritza (Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan); Prozesu eta Produktu Berrikuntzaren Ingeniaritza (IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolan); Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan (Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Gipuzkoako Campusean) eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetan (Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean). 2019-2020 ikasturterako prestakuntza duala ezartzea espero da Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan (Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Sarrikon); Ingeniaritza Zibilean eta Ingeniaritza Elektrikoan (biak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan).

Bestalde, UPV/EHUko Medikuntzako Gradurako sarbidea hizkuntzen araberakoa izango da, beraz, ikasleek bi aukera izango dituzte izena ematerakoan: Medikuntzako Gradua (gaztelaniaz) eta Medikuntzako Gradua (euskaraz).

Egun, ia UPV/EHUko 90 graduak euskaraz zein gaztelaniaz ikas daitezke. Horrez gain, gero eta aukera gehiago dago irakasgaiak hizkuntza ez-ofizialetan egiteko: aurtengo ikasturtean eskaintza 750 irakasgaitik gorakoa da, horietatik 576 ingelesez ematen dira eta 5.000 bat ikasle ari dira halakoak ikasten.

Nazioarteko titulazio bikoitzen eskaintza ere handitu da (dagoeneko hogeita hamar baino gehiago dira). Prestakuntza programa horrek ikasleei aukera ematen die graduko bi titulu eskuratzeko, bat UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean. [Ikusi nazioarteko titulazio bikoitzen koadroa dokumentuaren bukaeran]

Gainera, UPV/EHUk, ikastaro osagarrien eskaintza zabalari esker, aukera ematen die ikasleei ikasturtean zehar beren graduko ikasketak osatzeko, ikastaro horiekin beren intereseko gaietan espezializatzeko edo ezagutzak handitzeko bidea ematen baitie. Ikastaro osagarri horien artean daude, besteak beste, honako hauek: English communications for the professional and academic sphere, atzerrian ikasi edo lan egin nahi duten ikasleei zuzendua; Nola izan ELEko irakaslea, arlo horretan jardun nahi duten graduko azkenengo mailako ikasleei zuzendua; Zelan lortu enpresek bilatzen duten pertsona izatea. Giza kalitatea eta lidergoa, karreran zehar jasotako prestakuntza teknikoa giza kalitatearekin lotutako alderdi eta gaitasunekin osatzen duena, garapen profesional egokia izateko; Zeinu hizkuntza hastapena, irakaskuntzarekin lotutako graduak egiten ari direnek asko eskatzen dutena, eta Instalazio termikoak eta jariakinenak, Industria Teknologiaren Ingeniaritzako Graduko laugarren mailan matrikulatutako ikasleei zuzendua.

Euskal Herriko Unibertsitatea Euskal Herriko goi mailako hezkuntzako erakunde nagusia da, eta Espainiako garrantzitsuenetakoa irakaskuntzako, ikerketako, berrikuntzako eta garapen teknologikoko emaitzen bolumenari dagokionez. Egun munduko 400 unibertsitaterik onenen artean dago, Shanghaiko sailkapenaren arabera. Ikasleek beren irakasleei 4ko batez besteko nota jartzen diete, 5eko eskalan.

UPV/EHU hiru campusetako Unibertsitate Orientazio Azoketan aurkeztuko du 2019-2020ko gradu eskaintza, hala nola unibertsitaterako sarbideari buruzko informazioa eta ikasleei ematen zaizkien zerbitzu eta laguntzak. Unibertsitate Orientazio Azokak izango dira datozen hiru larunbatetan: Donostia (urtarrilak 26), Vitoria-Gasteiz (otsailak 2) eta Bilbo (otsailak 9).

 

GRADU BIKOITZEN ZERRENDA

CAMPUSA

GRADU BIKOITZA

IKASTEGIAK (eskolak hauetan izango dira)

 

ARABA

 

Farmazia + Giza Nutrizioa eta Dietetika

FARMAZIA FAKULTATEA

BERRIA

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza

EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA
GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLA

BERRIA

Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza

GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLA EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

BERRIA

BIZKAIA

Negozioen Kudeaketa + Lan Harreman eta Giza Baliabideak

LAN HARREMAN ETA GIZARTE LANGINTZA FAKULTATEA
EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA (Elkano)

BERRIA

Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEA

 

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Zuzenbidea

EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

 

GIPUZKOA

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Zuzenbidea

ZUZENBIDE FAKULTATEA
EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

BERRIA

Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronika eta Automatikaren Ingeniaritza

GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLA

 

 

NAZIOARTEKO GRADU BIKOITZEN ZERRENDA

CAMPUSA

IKASTEGIAK

GRADUAK

NAZIOARTEKO UNIBERTSITATEA

ARABA

 

GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLA

Ingeniaritza Mekanikoa

  • Universidad Técnica Federico Santa María (Txile)
  • Universidad Santiago de Chile (USACH) (Txile)

EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza

  • Université de Pau et des Pays de l’Adour (Frantzia)
  • Ostbayerische Technische Hochschule Regensburg (OTHR) (Alemania)
  • University of Applied Sciences Mittweida (HSMW) (Alemania)
  • Berlin School of Economics and Law (Alemania)
  • Université Jean Moulin Lyon III (Frantzia)
  • Helsinki Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

BIZKAIA

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEA

Ingeniaritza Elektronikoa

  • Université de Limoges (Frantzia)

Matematika

  • Université de Pau et des Pays de l’Adour (Frantzia)

Kimika

  • Université de Strasbourg (Frantzia)

EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Sarriko)
Negozioen Kukdeketa (Elcano)

  • Université de Pau et des Pays de l’Adour (Frantzia)
  • Ostbayerische Technische Hochschule Regensburg (OTHR)(Alemania)
  • University of Applied Sciences Mittweida (HSMW) (Alemania)
  • Berlin School of Economics and Law (Alemania)
  • Université Jean Moulin Lyon III (Frantzia)
  • Helsinki Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

Marketina

  • Helsinki Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

BILBOKO GANBERAKO UNIBERTSITATE ESKOLA
(Ikastegi atxikia)

Enpresa Kudeaketa eta Marketina

  • Hochschule Regensburg (Alemania)
  • Dublin Business School (Irlanda)
  • Griffith College (Irlanda)
  • IBAT College Dublin (Irlanda)

 

GIPUZKOA

GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLA

Ingeniaritza Elektrikoa
Industria elektronikoaren eta Automatikaren Ingeniaritza
Ingeniaritza Mekanikoa

  • University of Applied Sciences Mittweida (HSMW) (Alemania)

Ingeniaritza Zibila
Arkitektura Teknikoa

  • Université de Pau et des Pays de’Adour (UPPA) (Frantzia)

ARKITEKTURA GOI ESKOLA TEKNIKOA

Arkitektura Oinarriak

  • Escuela Nacional Superior de Arquitectura y Paisaje de Burdeos (Frantzia)
  • Escuela Nacional Superior de Arquitectura de Montpellier (Frantzia)

ZUZENBIDE FAKULTATEA

Zuzenbidea

  • Universidad Santo Tomás (Kolonbia)

EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza

  • Université de Pau et des Pays de l’Adour (Frantzia)
  • Ostbayerische Technische Hochschule Regensburg (OTHR) (Alemania)
  • University of Applied Sciences Mittweida (HSMW)(Alemania)
  • Berlin School of Economics and Law (Alemania)
  • Université Jean Moulin Lyon III (Frantzia)
  • Helsinki Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

INFORMATIKA FAKULTATEA

Informatika Ingeniaritza

  • Université de Pau et des Pays de l’Adour (IUT de Bayonne-Frantzia)

KIMIKA FAKULTATEA

Kimika

  • Université de Strasbourg (Frantzia)