euskaraespañol

UPV/EHU da anfitrioia ICML Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarraren 18. edizioan

NOR ikerketa-taldea ahalegindu da nahitaez online izango den edizio honek ez dezan galdu kongresuaren berezko gertutasuna eta berotasuna

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/24

Josu Amezaga Albizu NOR Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusia. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU
Josu Amezaga, NOR Ikerketa Taldeko arduraduna, Jasone Cenozen hitzaldiaren une batean. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Atzo hasi zen eta bihar bukatuko da ICML Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarraren 18. edizioa. UPV/EHUko NOR ikerketa-taldeak hartu du antolatzeko lekukoa, eta bidean egokituz joan dira aurrez aurrekoa izatekoa zena online izango baita, halabeharrez. Hizkuntza-aniztasuna hartu dute ardatz edizio honetarako, eta adierazteko eskubidea bermatzea izango da honen berezitasuna. Hala, hizlariak lau hizkuntzatan aritu ahal dira: ingelesez (ohi bezala), gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz.

250 ikertzailek baino gehiagok egingo dute bat telematikoki martxoaren 24tik 26ra bitartean ICML Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Biltzarraren 18. edizioan. Euskal Herrian online antolatutako kongresurik handiena izango da. Hizkuntza gutxituekin lanean diharduten ikertzaileak elkartzeko helburua du biltzarrak, haien lanari buruz gogoeta egin eta ikerketa partekatu dezaten; orobat gaia akademiara ekartzeko. “Gai zentrala hizkuntza gutxituak dira, baina ikerketa-lanak arlo askotan egiten dira, hala nola hezkuntzan, komunikazioan, antropologian, soziolinguistikan, linguistikan, teknologian...”, dio Josu Amezaga Albizu NOR Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusiak eta kongresuaren antolatzaileetako batek.

Aurtengoa ICML kongresuaren 18. edizioa da; 1980az geroztik Europako hainbat hiritan antolatu dute bi urtean behin. Bilbon egitekoak ziren, UPV/EHUko NOR ikerketa-taldeak hartu baitzuen antolatzeko lekukoa, kongresuarekin sentitzen zuten nolabaiteko zorra kitatzeko. Izan ere, euskararen eta euskal ikertzaileen presentzia beti izan da nabarmena ICML kongresuan: “Arlo askotan egiten da euskararen inguruko ikerketa, eta oso garatuta dago. Bagenuen gogoa Europako eta munduko ikertzaileak Euskal Herrira bildu, euskararen berri eman eta egin denaren eta ez denaren kontrastea egiteko, iritziak jasotzeko… Gainera, Korrikarekin batera izan zedin antolatu genuen. Ilusio handia genuen, iruditzen zaigulako fenomeno interesgarria dela”, azaldu du antolatzaileak.

Pandemiak, ordea, plana iraularazi zuen, eta telematikoa izango da azkenean kongresua. Antolatzaileek, hala ere, bitartekoak prestatu dituzte kongresuak euts diezaion berezkoa duen berotasunari; “parte-hartzaile askok edizioz edizio bat egiten dugu, eta horrek indar berezia ematen dio kongresuari. Ez genuen nahi online formatua izateagatik hori galtzea —dio—. Erronka handia izan da, berria baita denontzat formatu horretara egokitzea, eta lan handia egin dugu, baina itxaropena dugu polito aterako dela”.

Aniztasuna gehitu nahi izan diote kongresuaren aurtengo edizioari. Alde batetik, hizkuntza-aniztasuna erakutsi nahi izan dute, hau da, “ingelesa ez dadila izan kongresuan egiten den hizkuntza bakarra. Lau hizkuntza ofizial ditu gure edizioak: ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskara. Hala, ingelesez hain ondo moldatzen ez diren munduko ikertzaileei lekua egin nahi izan diegu, adierazteko eskubidea lehenetsi dugu”, nabarmendu du Amezagak. Hizkuntza gutxituen hiztunek beste hizkuntza handi bat ere badakite, baina ez du zertan ingelesa izan. Aldibereko itzulpenak eskainiko dituzte parte-hartzaileen arteko elkar-ulertzea bermatzeko.

Beste aldetik, Europatik haratago joan nahi izan dute, eta beste kontinente batzuetako ikertzaileak ere integratu dituzte kongresuan. Besteak beste, Hegoafrikako Cape Towneko Unibertsitateko Ana Deumert eta Australiako Macquaire Unibertsitateko Ingrid Piller ikertzaileen hitzaldiak nabarmendu dituzte, baita Kataluniako Oberta Unibertsitateko Joan Pujolarrena eta UPV/EHUko DREAM ikerketa-taldeko Jasone Cenozena ere.

Cenoz, esate baterako, translanguaging kontzeptuari buruz arituko da. “Ikerketa-lanetan eta praktikan ikusten dugu biguntzen ari direla hizkuntzen arteko mugak: eleaniztunek dakizkiten hizkuntza guztietako elementuak hartzen eta erabiltzen dituzte hizketarako, eta praktika didaktiko gisa ere erabilgarria da hizkuntza desberdinak integratzea. Guk horretan dihardugu, baina beti buruan izanda gure hizkuntza gutxitua, euskara, babesteko beharra dugula. Ezinbestekotzat jotzen dugu oreka bilatzea, eta euskara bakarrik erabiltzeko espazioak —arnasguneak— ere sortzea”, dio.

Izugarrizko aldeak daude hizkuntza gutxitu batzuen eta besteen artean desagertzeko arriskuari dagokionez, baita bakoitzak gainditu beharreko erronkei dagokienez ere, baina “asko ikas dezakete elkarrengandik, eta horregatik da interesgarria kongresua. Eskualde batean hizkuntza jakin bat biziberritzeko martxan jarritako jardunbide bat interesgarria izan daiteke beste hizkuntza baterako, nahiz eta bien egoera eta testuingurua desberdinak izan”, azpimarratu du Cenozek.