euskaraespañol

UPV/EHUk 5G sarea Euskadin ezartzen parte hartu du eta 4.0 Industriako kasu bat aurkeztu du

Horretarako sortutako partzuergoak 5G teknologia errealeko sarearen hedapena amaitu du hiru parke teknologikoetan, eta lortutako emaitzak aurkeztu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/15

Irudia
I2T Ikerketa Taldea Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroan (CFAA) egin duten aurkezpena. ARGAZKIA: 5G-Euskadi

5G sarea Euskadin ezartzea garatzen duen enpresa-partzuergoak ekitaldi bat egin du gaur astelehena, azaroak 15, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroan (CFAA), proiektuaren edukiaren eta egindako aurrerapenen berri emateko. Han izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Roberto Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu-idazkaria, Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Ainara Basurko Bizkaiko Sustapen Ekonomikoko diputatua eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria.

Saioan zehar, proiektuan garatzen ari diren 5G sarea ezartzeko 9 erabilera- edo aplikazio-kasuetako batzuk azaldu dira. Besteak beste, Eduardo Jacob UPV/EHUko katedradunak parte hartu du eta “Industria 4.0”ko kasu baten erakustaldia in situ egin du, Gestampekin lankidetzan ari diren 5G indoor estaldurarekin planteatuta bere automobilerako osagaiak fabrikatzeko Abadiñoko instalazioetan, hain zuzen.

Proiektu horren helburua da une bakoitzean erabakiak hartzeak izan ditzakeen arriskuak aurreikustea eta aldez aurretik ebaluatzea. Horretarako, biki digital bat sortzen ari dira benetako ekoizpen-instalazio bateko CFAAn. Bikian simulatuko dira ekintzak, eta han ikusiko dira ondorioak. Hala, mundu errealean aplikatuko diren edo aplikatuko ez diren aukerak planteatuko dira, erabakiak hartzeko prozesua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

Gestamp enpresaren erabilera-kasuan, gaur egungo teknologia aurreratuenak (IIoT, biki birtualak, machine learning, etab.) 5G teknologiaren bidezko konexio mugikorrekin integratu nahi dira industria-inguruneetan, fluxuen eraginkortasuna eta malgutasuna eta materialen biltegiratzea hobeak izan daitezen, aurreko teknologiekin lortutakoen aldean.

I2T Ikerketa taldeak Smart Networks for Industry (SN4I) azpiegituraren inguruan prestatu dituen erakustaldietan, industriako ekipamendu baten esfortzua eta bibrazioak nola monitorizatzen dituzten erakutsiko dute; soluzio komertzial bat proiektuko 5G ekosisteman integratu dute, eta sentsoreetako datuak ingurune birtualizatu batean igortzen eta prozesatzen dituzte.

5G Euskadi

19 enpresa eta erakunde publiko eta pribatuk osatzen dute 5G Euskadi ekimena, eta hiru parke teknologikoetan 5G sarea hedatzeko eta gaitzeko helburua du. Horrez gainera, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta sareko zerbitzuen inguruko produktu eta zerbitzuen garapen aurrekomertzialera orientatutako 9 erabilera-kasu atera ditu aurrera.

5G Euskadi proiektua garatzen duten enpresen partzuergoak dagoeneko zabaldu du 5G sarea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke teknologikoetan, Basque Cyber Security Centre (BCSC) zentroan eta Abadiñoko Gestamp lantegian, eta 5G sareak kasu errealetan dituen gaitasunen probak egiten hasi da.

5G Euskadi pilotua, duela urtebete abiarazi zena, 5G teknologiako Proiektu Pilotuen Bigarren Deialdian sartzen da; deialdi hori Red.es erakundeak bultzatzen du. 30 hilabete iraungo ditu, eta 7,1 milioi euro inbertituko dira; Red.es erakundeak 2,2 milioi euroko diru-laguntza eman du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidezko kofinantziazioan.

Horrez gainera, proiektuak laguntza handia jasotzen du erakundeen eskutik: Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala (Donostiako Sustapena Sozietate Publikoaren bidez) eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea.