euskaraespañol

UPV/EHUk eta Osakidetzak osasun zerbitzuei lotutako 28 plaza sortzea onartu dute

Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Osakidetzaren arteko Itunaren Batzorde Mistoak egindako bileran, 28 lanpostu lotu sortzea erabaki dute bi erakundeek. Lanpostu horiek hurrengo lan eskaintzetan eskainiko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/03

Irudia

Gaur onartu diren 28 plazak banatuta daude hiru campusetan eta lau unibertsitate ospitaleetan (Gasteizko eta Donostiako irakasguneetan eta Bizkaian, Basurtu eta Gurutzetakoetan) eta irakasle klinikoak dituzten Osasun Zientzietako sail guztietan (Medikuntza, Kirurgia, Medikuntza Eta Kirurgia Espezialitateak, Neurozientziak, Dermatologia, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Pediatria eta Prebentzio Medikuntza).

Helburua da 28 plaza horietatik erdia baino gehiago 2021eko eta 2022ko lan eskaintza publikoetan sartzea, Unibertsitateko Irakasleen Batzordeak eta euskal unibertsitate publikoaren Gobernu Kontseiluak behin onartuta aurtengo urtea bukatu aurretik. Gerora, hurrengo lan eskaintza publikoetan beste 13 plaza eskainiko lirateke, eta, edonola ere, horietako gehienak datorren urtean zehaztuko litzatekeen lan eskaintza publiko batean sartuta egongo lirateke.

Une honetan, Osasun Zientzien arloan, Euskal Herriko Unibertsitateak irakasle elkartuen 550 plaza ditu, baina osasun zerbitzuei lotutako 30 plaza baino ez. Irakasleen plaza lotu horiek unibertsitate ospitaleetako irakasleen plaza iraunkorrak dira. Plaza lotuak esaten zaie irakasle horiek, berez, Osakidetzako asistentzia jarduera betetzen dutelako, baina, aldi berean, ospitaleko unitatean bertan unibertsitate arloko ikerketa eta irakaskuntza lana egiten dutelako, hau da, ikasgelan eskolak ematen dituzte eta ikasleekin praktika klinikoak egiten dituzte pazienteari arreta ematen zaion bitartean ikasle talde txiki bati azalpenak emanez. Irakasleen plaza lotuak iraunkorrak dira eta irakaskuntza ordu jakin batzuk ematen dituzte; irakasle elkartuenak, berriz, aldi baterakoak dira eta irakaskuntza ordu gutxiago dituzte.

Plaza lotu bat lortu ahal izateko, kasuan kasuko agentziaren akreditazioa behar da (Aneca edo Unibasq‑ena), doktorea izan behar da eta lan eskaintza publikoan plaza lortu; irakasle elkartuen plazetarako, berriz, ez da behar ez akreditaziorik, ez doktore titulurik.

Bai Eva Ferreira errektoreak bai Gotzone Sagardui sailburuak adierazi dute lanpostu horiek sortzea funtsezkoa dela ospitaleetan ari diren medikuntzako irakasleen erreleboa bermatzeko. Urrats garrantzitsua da, osasun-sistemaren eta unibertsitate-prestakuntzaren arteko lankidetza indartzeko. Plaza lotuetan ari diren irakasleen lana ezinbestekoa da belaunaldi berriak osasunaren arloan prestatzeko. Horregatik, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Osakidetzaren artean gaur lortu dugun akordio hau aurrerapauso handia da eremu horretako prestakuntza premiei erantzuteko.