euskaraespañol

Urmaela

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/15

Irudia
Elbira Zipitria Zentroaren alboko urmaela. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

“Lehen Hezkuntzako Graduko 1. mailako  120 ikasle inguruk parte hartu dute urmael baten sorreran, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean irakasle, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen kideekin batera auzolanean- azaldu du Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle Lidia Cañok. Urmaela ez da putzu soila, baizik eta hezkuntza-berrikuntzako proiektua, laborategi naturala, bizidunei zor bat ordaintzea eta campuseko komunitatearentzako topagunea.

IHGEL proiektua (Iraunkortasunerako ikaskuntzarako  Hezkuntza Graduetako Ekosistema eta Laborategi naturala)  Lidia Cañok koordinatutako IKD i3 berrikuntza proiektua da eta Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kidek, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileko bi kidek eta Hezkuntza Graduetako sei irakaslek parte hartzen dute (oraingoz!). Proiektu honen bidez, hezkuntza curriculum dekretuko edukiak eta gaitasunak paperetik bizitza errealera eraman nahi ditugu, ikasleei iraunkortasun-arazo errealak planteatuz, erabaki kritikoak har ditzaten eta baita ekintza eraldatzaileak burutu ditzaten ere.

Zergatik urmaela? Urmaelak eta antzeko hezegune asko lehortu eta suntsitu dira XX. mendean zehar giza jardueren ondorioz eta, beraz,  haien mende dauden espezie asko ere arriskuan daude. Horregatik, iraunkortasunerako hezkuntzaren hiru premiazko eduki  lantzeko aukera ematen du urmaelak: klima aldaketa, bioaniztasuna eta baliabideen ustiapen iraunkorra. Aurten konpetentzia zientifikoa eta zibikoa lantzeko aukera eduki dugu urmaelaren eskutik Natura Zientzietako eta Gizarte Zientzietako ikasgaietan, putzuaren sorrera bera eraldaketarako ekintza izanik. Baina urmaelaren erabilera didaktikoa irakasgai ezberdinetako curriculumeko hainbat eduki zein gaitasun lantzeko aproposa ere bada.

Sortzeko prozesuak ere garrantzi handia du. Izan ere ekosistema berri bat auzolanean sortzeak campuseko-komunitatearen inplikazioa eta urmaelarekiko lotura sortzen du. Alde batetik, denok izango gara eremu berriaren eboluzioaren testigu zuzenak eta, bestalde, prozesua berak ikasleen ikaskuntza prozesuarekiko motibazioa eta gunearekiko atxikimendua handitzen ditu.

Urmaelak erabilera didaktikorako laborategi natural ederrak izateaz gain ikasleak naturara gerturatzeko eremu aproposak ere badira. Era berean, putzuak eraikitzeak bertoko fauna eta flora gerturatzen ditu campuseko eremura eta ikasleek bizidunak eta elkarrekintza ekologikoak zuzenean aztertzeko aukera edukiko dute behaketa eta araketa bidez.

Hezkuntza Graduko ikasleak etorkizuneko irakasleak izango direnez, Campuseko urmaelak aukera ematen die beren bizitza profesionalean eskoletan aurkituko duten baliabide didaktiko bat ezagutzeko. Izan ere, Aranzadiren eta eskolen arteko elkarlanaren bidez urmaelak sortu dira Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, baita Gasteizko eta Bilboko Hezkuntza Fakultateetan ere. Lankidetza horren ondorioz, Aranzadi Zientzia Elkarteak Eskoletako Urmaelen Sarea martxan jarri berri du eta orain zortea dugu hezkuntza ekosistema honetan parte hartzeagatik: https://www.urmaelaeskolan.eus

Zuk ere putzura salto egiterik nahi?”.