euskaraespañol

Urundiru, irinaren dirua

UPV/EHUko irakasle Díaz de Duranak hiru mendean Gasteizen izan zen zerga gorrotagarri baten historia kontatu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/23

José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina
José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina. Argazkia: UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak José Ramón Díaz de Durana Ortiz de Urbina irakaslearen ‘Urundiru. El dinero de la harina de las almas muertas de Vitoria (ca. 1420-1760)’ liburua argitaratu du. Liburuak gutxi gorabehera 1420. urtetik 1760. urteraino izan zen zerga baten historia jorratzen du, hain zuzen ere, 'urundiru' edo, amaiera aldera, 'irundiru' izenez ezagutzen zenarena.

XVI. mendearen hasierako nekazarien hitzetan: “'urundiru' es vascuençe, e que en castellano quiere tanto dezir commo ‘dinero de harina’, porque urun quiere dezir arina e diru quiere dezir dinero, de manera que todo junto, en romançe castellano, es commo si se dixese dinero de harina”.

Egia esateko, irinaren pisuaren dirua zen, hau da, gari eta irin kontsumoari ezarritako zerga bat. Gasteizko hiriak kobratzen zien irina hiriko pisu publikoan ez pisatzeagatik, harresiaren barruan bizi zirenek egiten zuten bezala.

Gasteizko jurisdikzioko herrixketan bizi ziren nekazariek ordaindu behar zuten. Hau da, gizonek, emakumeek, zazpi urtetik gorako neska-mutilek eta neskame eta morroiek, kapare izan arren. Aldi luze horretan, zergaren zenbatekoa pertsonako hiru marabeditik zazpiraino igo zen, baina ohikoa izan zen pertsonako bost marabedi biltzea.

Historian, zerga horrek nekazarien gatazkak eta protestak piztu zituen. 1508an, adibidez, jurisdikzioko nekazariek hiriaren aurkako demanda bat ezarri zuten Errege Kantzelaritzan. Hasieran aldeko sententzia eman eta probak ekartzeko aldia ezarri ondoren, 1513ko azaroan epaileek hiriaren alde egin zuten.

Sententzia hori inflexio puntua izan zen hiriaren eta herrixketako nekazarien arteko harremanetan. Arazo batzuk egon arren, 1705era arte iraun zuen 'irundiruak'. Ondoren, 1753an, Gasteizko oligarkia XVIII. mendearen lehen erdian ordaindu ez zuten guztiei, biziei eta hilei, kobratzen saiatu zen. Saio horrek ez zuen aurrera egin eta handik urte batzuetara Gaztelako Kontseiluak zergaren kobrantza eten zuen.

Izan ere, nekazarien ustez zerga honelakoa zen: “tan odioso y reprovado, que de derecho no se halla que villa ni ciudad, la más distinguida de estos reynos, le tenga sobre los vezinos de las aldeas de su jurisdicción”. Gaztelako eta Aragoiko koroen beste hirietan ez zen irinaren dirua kapitazio zerga gisa kobratzen. Italiako iparraldeko hiri batzuetan bakarrik aurki daiteke antzeko kasurik.