euskaraespañol

Annick Laruelle

Maskararen erabilera COVID-19ari aurre egiteko: presoaren dilema ala koordinazio jokoa?

Ekonomia Analisiaren Oinarriak I irakasgaiko Ikerbasque irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/22

Irudia
Annick Laruelle. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken sei hilabeteotan, maskara eguneroko objektu bihurtu da mundu osoan. Txina, Hong Kong edo Taiwaneko gobernuak izan ziren lehenak maskararen erabilera gomendatzen. 2020ko ekainetik, Osasunaren Mundu Erakundearen jarrera hau da: gobernuek egoera jakin batzuetan –garraio publikoan, adibidez– maskara erabiltzera animatu beharko lukete jendea. Herrialdeen arabera, aldatu egiten da egoera: batzuetan maskara erabiltzea gomendatzen dute, eta beste batzuetan, aldiz, derrigorrezko dela ezartzen dute.

Maskara erabiltzea ez bada derrigorrezkoa, gizabanakoen esku egongo da maskara jantzi ala ez jantzi. Bakoitzaren lehentasunak gauza askoren araberakoak izan daitezke, hala nola inguruabarren araberakoak, bakoitzarekin bizi diren pertsonen araberakoak... eta gainerako pertsonek erabakitzen dutenaren araberakoak.

Egoera joko-teoriarekin azter daiteke: pertsona bakoitzak erabaki behar du maskara eraman ala ez. Azken ondorioa edo emaitza denek erabakitakoaren araberakoa da. Beste pertsona batekin elkartzean, bakoitzak bi ekintza posible ditu eta lau emaitza ebaluatzen ditu.

Joko-teoriak ez du inolako judizio etiko edo moralik egiten gizabanakoen lehentasunei buruz. Oreka-erabakiak gizabanakoen lehentasunen arabera zehazten saiatzen da, besterik gabe. Orekan, inor ez da damutzen hartu duen erabakiaz: emaitza egonkorra da.

Egoerak “presoaren dilema” delakoa ekar dezake. Maskara janztea babes handiagoa bada besteentzat maskara daramatenentzat baino, eta eramateak nolabaiteko ahalegina eskatzen badu, norberaren ongizateaz soilik arduratzen den pertsonarentzat aukerarik onena maskara ez eramatea eta besteak maskara eramatea da.

Bigarren aukerarik onena biek maskara eramatea da; hirugarrena, inork ez eramatea; eta laugarrena, pertsona horrek maskara eramatea baina besteak ez. Horrelako lehentasunak dituen pertsona ‘free rider’ bat da, hau da, besteen ahaleginez baliatzen saiatzen da eta ez du maskara eramaten, baina ez luke nahi besteek gauza bera egiterik.

‘Free rider’ biren arteko topaketa batean, bietako batek ere ez badarama maskara, bietako inor ez da erabakiaz damutzen. Bientzat hirugarren aukerarik onena da, baina erabakia aldatzeak maskara eramaten duen bakarra izatea esan nahiko luke, guztien artean aukera txarrena ‘free rider’ batentzat. Oreka bakarra da. Aldiz, biek maskara badaramate, bakoitza bere erabakiaz damutzen da: nahiago du maskara kendu, besteak eramaten badu. Biek maskara eramatea ez da oreka bat, baina bakoitzarentzat bigarren aukerarik onena da.

Justifika al daiteke nahitaezko erabilera?

Presoaren dilemak ezaugarri paradoxiko hau du: orekaren emaitza baino emaitza hobea ezin da modu deszentralizatuan lortu. ‘Free rider’ delakoez osaturiko gizarte batean, maskararen erabilera derrigortzea justifikatuta egon daiteke.

Praktikan (zorionez) ez dirudi oso gertagarria talde sozial bateko pertsona guztiak ‘free riderrak’ izatea maskarari dagokionez. Alemanian 925 parte hartzailerekin egindako esperimentu baten arabera, maskararen erabilera kontratu sozial gisa ikusten da: parte hartzaileek positibotzat jotzen dituzte maskara daramatenak. Eramaten dutenak saritzeko eta eramaten ez dutenak zigortzeko joera dute. Jokabide hori elkarrekikotasunerako lehentasunen arabera justifika liteke: besteak maskara eramaten badu, nahiago izaten dugu geuk ere maskara eraman, eta besteak maskararik ez badarama, ordea, geuk ere nahiago izaten dugu ez eraman.

Kasu horretan, egoera koordinazio joko bat da, eta bi oreka ditu. Oreka egoteko, biek maskara eraman behar dute, edo bestela, batek ere ez.

Joko teoriak ezin du aurreikusi zein oreka sor daitekeen. Inguruabarrak (espazio itxia ala irekia; tartea zainduta ala zaindu gabe) lagungarriak izan daitezke pertsonak oreka batean edo bestean koordinatzeko.

Maskararen nahitaezko erabilera justifikatuta dago ‘free riderrez’ osaturiko gizarteetan: dilema soziala ebazten du. Horren truke, maskararen erabilera kontratu sozial bat bada, guztiok maskara erabiltzea oreka posible bat da.

Dilema sozialak

Pandemiaren aurka borrokatzeko neurriek dilema sozialak sortzen dituzte. Maskara erabiltzea da horietako bat, baita konfinamendua edo txertoa ere.

Azken kasu horretan, onurak ondasun publikoak direnez, ‘free rider’ delakoek ez laguntzeko pizgarria dute, eta besteen ahaleginen onurak jaso ditzakete. COVID-19aren aurkako txertoari dagokionez, Munduko Osasun Erakundeko epidemiologoak abuztuan ohartarazi zuen herrialdeek erabakiko zutela derrigorrezkoa izango den ala ez.

Urriaren hasieran CISek egindako inkestaren arabera (6. galdera), inkesta erantzun zutenen % 43,8 ez daude txertoa hartzeko prest.

The Conversation