euskaraespañol

Verónica Torranok 80.000 euroko beka jaso du prostatako minbiziari buruzko lana bultzatzeko

Fero Fundazioak Espainiako talentu gazteek tumoreen ikerketan egindako lana saritzen du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/11

Irudia
Veronica Torranok saria Bartzelonan jaso du. Argazkia: Fundación Fero.

Prostatako minbiziari buruzko bi ikerketek bereganatu dute Fero Beken XX. edizioa. Horietako batek, Euskal Herriko Unibertsitateko Verónica Torranok zuzenduta ('Targeting PGC1α-driven transcriptional landscape for personalized prostate cancer therapy' proiektua), 80.000 euroko beka jaso du Bosch Aymerich Fundazioaren ekarpenari esker, ". Bere ikerketaren ardatza da ulertzea nola jokatzen duen maila genetiko eta biologikoan PGC1α transkripzioaren erregulatzailearen galerarekin lotutako prostatako minbizi erasotzaile batek.

Beka horien funtsezko ezaugarrietako bat da ikerketa traslazionaleko proiektuetara bideratu behar direla, hau da, oinarrizko ikerketaren emaitzak klinikara azkarrago helaraztea ahalbidetzen duten ikerketa-proiektuetara, eta, horrela, onurak lehenago iristea minbiziaren pazienteengana.

Veronica Torranok honela azaldu du prostatako minbiziari buruzko ikerketa: "Aurreko ikerketengatik badakigu onkogeneen transkripzioaren erregulatzaile honek tumorearen hazkundea geldiaraz dezakeela, bere agresibitatea murriztuz eta erantzun immune naturala emateko gaitasuna areagotuz. Oraingo helburua hirukoitza izango da: PGC1ek nola jokatzen duen ulertzea; tumore mota hori duten pazienteengan agresibitate-ezaugarriak aurkitzea, PGC1en funtzio antitumoralean oinarrituta; eta terapia berriak garatzea, onkogeneen tratamendu inhibitzaileekin batera erantzun immune hori indartzeko. Izan ere, nahiz eta eboluzio ez-hilgarriko minbizia izan, prostatako minbizia diagnostikatu zaien pazienteen % 15ek metastasi sendaezina garatzen du oraindik”.

"Aurkeztutako proiektu guztien artean, hautatutako biak nabarmentzen dira, ez bakarrik berrikuntzagatik, baizik eta lortzen diren aurrerapenek Espainiako biztanleen artean gehien agertzen diren bi minbizitan eragina izatea ahalbidetuko dutelako", adierazi du Sol Daurella Fero Fundazioko presidenteak.

57 ikerketa-proiektu baino gehiago aurkeztu dira beken deialdi berri honetara. Dagoeneko 12 urteko ibilbidea du, eta ikerketa onkologiko translazionalaren garapena sustatzea du helburu. Proiektuen hautaketa honen ardura Fero beken Epaimahaia da, Espainiako onkologiaren esparruan erreferentziazko ikertzaile independenteen taldea. Valentziako Unibertsitate Ospitale Klinikoko Onkologia Medikoko zerbitzuburu eta Beken Epaimahaiko lehendakari Andrés Cervantes doktorea da buru, eta bertan parte hartzen dute, besteak beste, Josep Tabernero doktoreak, Onkologiako Vall d 'Hebron Insitutuko (VHIO) zuzendariak eta Akaitz Carracedo doktoreak, Ikerbasque ikerketa-irakasleak, CIC bioGUNEn.

Edizio honetako beste sarituak izan dira, alde batetik, Vall d 'Hebron Onkologia Institutuko (VHIO) Nicolas Herranz, 'Exploiting therapy-induced senescence in a synthetic lethal approach to treat advanced Prostate Cancer' proiektuagatik, Ramon Areces Fundazioaren ekarpenari esker, eta, bestetik, Veronica Rodilla Josep Carreras Ikerketa Institutuko ikertzaileak 'Tumor heterogeneity comprehension for an improved diagnosis and better treatment choice for breast cancer' III FERO-ghd proiektua irabazi du (bularreko minbizia ikertzeko proiektuei zuzendua).

Fero Fundazioa minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzen duen fundazio pribatu bat da. Erakundea Josep Baselga doktoreak sortu zuen 2001ean, eta gaur egun Sol Daurella du buru. Fundazioak, besteak beste, Vall d 'Hebron Ospitaleko Bularreko Minbiziaren Zentroa eta Vall d' Hebron Onkologia Institutua (VHIO) bultzatzen ditu, onkologiaren arloan nazioartean erreferentzia den erakundea. Gainera, duela 10 urtetik, fero bekak ematen ditu, ikertzaile gazteen karrerak bultzatzeko, eta Espainia osoko 18 ikerketa-zentrorekin lan egiten du, gaur egun minbiziari aurre egiteko modua aldatzen ari diren proiektuak, programak eta taldeak finantzatuz.