Emakumezkoen pilota ikusaraziz
- Photocampus
Lehenengo argitaratze data: 2020/02/12
Patri Espinarrek, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziadunak (UPV/EHU) eta, gaur egun, Emakume Pelotarien Elkarteko (epe) presidenteak, bi hitzaldi eman ditu Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, 'Euskal pilota eta emakumea, kirol hastapena Lehenengo Hezkuntzan' izenburupean. Helburua, elkartea ezagutaraztea eta etorkizuneko maisu-maistrei euskal pilota ikasleekin nola praktikatu behar duten irakastea da, ikasteko prozesua, irakasteko metodoak eta hezkuntza kontuan hartuta.
"EPE, Emakume pilotarien Elkartea, 2019ko ekainean sortu genuen, emakumeen pilota sustatzeko, kontzientzia sortzeko eta duintzeko. Badakigu pilota oso kirol maskulinizatua izan dela orain arte eta ez dugu aukera askorik izan, nahiz eta kirol mota honek 20 modalitate baino gehiago dituen. Elkartean, Euskal Herri osoko esku pilotako eta palako emakume federatuak gaude eta hauxek ditu helburuak: emakumezkoen pilota egituratzea, kudeatzea eta transmititzea; berdintasuna eta duintasuna bilatzea; gure pilotarien jarduna sustatzea eta publizitatea egitea; eta ikusgarri egitea. Gainera, gizartean erreferenteak sortzea dugu helburu eta, horretarako, haurrekin, eskoletan, kirolean eta, are gehiago, gizarteko beste arlo eta talde batzuetan lan egiten dugu. Pilota sustatzen duten klub, federazio eta erakundeekin ere elkarlanean aritzen gara, beti emakumezkoen pilota hobetzera bideratuz", aipatu du Patri Espinarrek.