euskaraespañol

Jada bozkatu ditzakezu «Invisible Express» lehiaketako film laburrak, Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdikoak

Zazpigarren edizioan aurkeztu diren 35 proiektuek klima aldaketa dute hizpide

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/14

Irudia

«Invisible Express» film laburren lehiaketaren antolatzaileek ikusgai jarri dituzte ikasle taldeek aurkeztutako 35 proiektuak, gustukoena bozkatzeko. Klima aldaketa izan da gaia zazpigarren edizioan.

Gaurtik hasita, urriaren 21eko 17:00ak arte egongo da aukera film laburrak ikusi, eta gustukoena bozkatzeko, publikoaren saria irabaz dezan (500 euro).

Horretarako, antolatzaileek atal bat ireki dute YouTubeko kanalean. Nahi adina film labur bozkatu ahalko dira, «Atsegin dut» sakatuta. Film labur irabazleak Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 11. edizioan emango dira jakitera. Jaialdia urriaren 17tik 24ra egingo da.

Hona hemen lehian diren film laburretarako sarbidea: [ikusi]
 

Bestalde, hauek dira 1.000 euroko saria emango duen epaimahaiko kideak:

  • Carlos Vázquez, Zinema Ikusezina Jaialdiko zuzendaria
  • Elsa Ferraz, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko ikasle eta Fridays for Future elkarteko kidea.
  • Joserra Díez López, Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktikako irakaslea (Bilboko Hezkuntza Fakultatea).
  • Marta Olazabal Salgado, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikerlaria.

«Invisible Express» film laburren lehiaketa antolatzen du Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak, UPV/EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoarekin elkarlanean, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago.

Urriaren 1etik 9ra bitartean egin eta entregatu ziren 35 proiektuak. Lehen egunean jakin zuten zer gai izan behar zuten hizpide euren zinema proposamenetan: klima aldaketa.

«Invisible Express» lehiaketa, Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren barnean dago. Jaialdi horretan, askotariko errealitate sozialak bistaratzen dira; generoen arteko berdintasunik eza, giza eskubideen urraketa, bidegabekeria soziala, bizi garen gizarte kulturartekoa, elkartasuna, lankidetza eta ingurumenaren eta garapen jasangarriko proiektuak dituzten pertsonen errespetua, besteak beste. Milioika pertsonari eragiten diote gai horiek guztiek, eta zirkuitu konbentzionalak baztertuta dauzka.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta BBK Fundazioak ere babesten dute lehiaketa.

Informazio gehiago: [ikusi]