euskaraespañol

Yohnattan Mignot-ek, Iratxe Díazek eta Paula Lópezek irabazi dute EIA 21 Arte Lehiaketaren lehenengo edizioa

Guztira, Arte Ederren Fakultateko ikasleen 106 lanek hartu dute parte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/07

Irudia
Iratxe Díaz, Paula López eta Yohnattan Mignot. Argazkia: Laura López. UPV/EHU.

EIA21 Arte Lehiaketaren lehengo edizioak baditu irabazleak. Yohnattan Mignotek, Iratxe Díazek eta Paula Lópezek irabazi dituzte, hurrenez hurren, lehenengo hiru sariak: 3.500 euro, 1.500 euro eta 1.000 euro. Halaber, hiru lan horiek EAI21en ondarean sartuko dira, eta EIA21 enpresak Erandion dituen bulego nagusietan egon dira ikusgai.

Urte hasieran hasi zen EIA21 enpresa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatearekin lankidetzan, bere Arte Lehiaketaren 1. edizioa antolatzen, obren sorkuntza eta hedapena ohiko esparru akademikotik eta artistikotik kanpo sustatzeko eta industria sektorea, ingeniaritza eta artea erakusketa bakar batean bateratzeko xedearekin. Parte hartzea handia izan da, arrakastatsua, eta enpresak 106 pintura lan, argazki… jaso ditu. Horietatik 50 hautatu zituen, eta bulegoetan egon dira ikusgai.

“Aurreikusia genuen hautatutako lan guztiak gure bezeroei erakustea, gure bulegoetara antolatutako hainbat bisitaldiren bidez, baita ikasleei eta, oro har, publikoari ateak zabaltzeko eguna antolatzea ere. Tamalez, ezin izan dugu bete zuek lanak presentzialki ikusteko nahia”, azaldu du EAI21 ingeniaritza enpresako CEO Ramón Menéndez de Luarcak.

Hala ere, kontuan hartuta Arte Ederretako ikasleen harrera ona, enpresak erabaki zuen egungo egoerara egokitzea eta lehiaketako sariei eustea, nahiz eta lanak beste modu batera sustatu behar diren.“Lanen katalogoa egin genuen eta gure webgunean argitaratu, 5 lan bozkatzeko inprimakiarekin batera. Parte hartzea handia izan da. Aldi berean, gure bezeroei igorri genizkien katalogoa eta bozkatzeko inprimakia”, zehaztu du Menéndez de Luarcak.

“Espero dugu etorkizunean beste lehiaketa batzuk antolatzea, egoera normal batean, ilusio handiz prestatuta genituen jarduerak gauzatu ahal izateko. Halaber, jakinarazten dugu saritutakoez gain, enpresak lau lan gehiago erosi dituela bere kontura”.

Lan sarituei buruzko informazio gehiago, hementxe.