euskaraespañol

Zentzumenekin lotutako alderdiek eta kultura iragazkiak zehazten dute noiz, zer eta zenbat jaten dugun

UPV/EHUko tesi batek obesitaterantz goazela ohartarazten du eta joera hori zergatik eta nola apur daitekeen erakusten du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/08/28

Irudia
María Elena Pérez Ochoa. Argazkia: UPV/EHU.

Azken urteotan elikadura portaera eta pisua hartzea interesa piztu duten gaiak izan dira gizartean eta, besteak beste, Osasunaren Mundu Erakundean (OME), herrialdeei sortzen dizkieten kostu handiak eta bizi kalitatearen murrizketa direla eta.

2010ean OMEk adierazi zuen Mexiko zela munduko obesitate indize altueneko herrialdea. Espainian indize hori 2030erako hazi egingo dela espero da eta horrek kezka sortzen du.  «Elikagai osasuntsuak hartzera daraman portaera zentzumenekin lotutako alderdiek eta inguruneak baldintzatzen dute», adierazi du Basque Culinary Centerreko irakasle lankide María Elena Pérez Ochoak, El placer de comer: una mirada biopsicosocial tesiaren egileak.

Lan horren helburua da galdera hau argitzen laguntzea: zergatik jaten ditu jendeak elikagai batzuk eta ez besteak? «Mekanismo homeostatikoek (autoerregulazioarekin lotutakoek) eta  mekanismo hedonikoek (plazera helburu dutenek) prozesuari eragiten diote», azaldu du Pérezek. Halaber, bien arteko harremanak zehazten du noiz, zer eta zenbat jaten dugun.

Elikagaiak hartzea edo ez hartzea gure zentzumenek eta kultura iragazkiak sortutako portaeraren menpe dago, eta portaera horretan zeresan handia dute, besteak beste, ohiturek, jarrerek, emozioek, sinesmenek eta sentsazioek. «Ikusmen eta dastamen estimulazioak plazer zentroekin lotutako garunaren guneen aktibazioa errazten du, eta, horrela, elikagaiak hartzera bideratzen da motibazioa», baietsi du Pérezek.   

Plater batek duen itxuraren arabera, elikagai hori edo beste bat hartzeko portaera garatzen da. Ikusten dugunak, usaintzen dugunak, sentitzen dugunak edo entzuten dugunak baldintzatu egiten du portaera osasuntsua eta tartean sartzen da kaloria kontsumoarekiko erantzuna.  

Oro har, ikerketa honek erakusten du elikagaiak aurkezteko moduak emozioak (esaterako, poztasuna, tristura eta nazka) eta jarrerak (zaporetsu itxura hartzea, loditu egiten duela pentsatzea) aktibatzen dituela kontsumitzailearengan, eta horrek baldintzatu egiten gaituela zer jango dugun aukeratzerakoan.  Baldintzatzaile horiek, batzuetan, garrantzitsuagoak dira elikagaien kaloriak eta nutrizio balioak eurak baino. Egunerokotasunean, badirudi elikagai osasuntsuen aukeraketa kolokan jar dezaketela konstruktu horiek. «Panorama hori ikusita, gero eta beharrezkoagoa da elikadura autoerregulaziora bideratutako estrategiak sortu ahal izatea ikuspegi biopsikosozialetik», aipatu du Pérezek.

Informazio osagarria

Azterlana Basque Culinary Centerreko María Elena Pérez Ochoa irakasle lankidearena da. El placer de comer: una mirada biopsicosocial doktorego tesiaren barruan egin zuen, Lorena Gil de Montes doktorearen zuzendaritzapean —Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila—, eta Basque Culinary Centerreko Ikerketa Sailarekin lankidetzan. Tesi proiektuak Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzaren doktorego aurreko beka bat jaso zuen.