Zientzia eta Teknologia Fakultatearen sorreraren 50. urtemuga ospatu da

Zientzia Arbola adieraziz ezki hostotxiki bat landatu dute tesia Fakultatean defendatu zuten lehenengo pertsonek

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/28

Tesia zentroan defendatu zuten lehenengo pertsonekin batera, han izan dira, lehenengo Fakultateko idazkariak; hasierako irakasleak; lehenengo egresatuak; Fakultateko dekano ohiak. UPV/EHU

50. urtemuga ospatzeko inaugurazio ekitaldian zientzia arbola adieraziz Arboretumean ezki hostotxiki bat landatu dute tesia zentroan defendatu zuten lehenengo lagunek: Alberto González Guerrero, UPNAko errektore ohia; Sebastián Dormido Bencomo, Jesús Moya Maruga; Ana Rallo; eta Juan Eugenio Iglesias Pérez .

Tesia zentroan defendatu zuten lehenengo pertsonekin batera, han izan dira, lehenengo Fakultateko idazkariak; hasierako irakasleak; lehenengo egresatuak; Fakultateko dekano ohiak; Joseba Goikouria Zarraga, Erandioko alkatea; Mari Carmen Urbieta González, Leioako alkatea; Patxi Juaristi, Bizkaiko Campuseko errektoreordea eta Fernando Plazaola, Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa.

Arbola landatu ostean, Liburutegiko eraikinean inauguratzen den Bilboko Unibertsitateko 50. Urteurrenaren erakusketa ikustera joan dira parte hartzaileak.

Zientzia eta Teknologia Fakultatea

Zientzia Fakultateak (gaur egun, Zientzia eta Teknologia Fakultatea) 1968/69 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Justo Mañas Díaz irakaslearen eskutik. Hasiera batean, garai bateko Nautika Eskolan kokatuta zegoen, Deustuko zubiaren ondoan. Baina 1971-72 ikasturte hasieran, gaur egungo kokalekura, Leioara eraman zen.

Zentroak hasieratik gehitu zituen ikasketak bere irakaskuntza-eskaintzari, eta gaur egun, 9 titulu eta gradu bikoitz bat eskaintzen ditu, jakintza zientifiko eta teknologikoaren 35 arlotan. Horrez gain, ikastegiaren graduondoko eskaintza 12 masterrek eta berezko 6 tituluk osatzen dute.

Eskaintza horri esker, Fakultatea erreferente nagusietako bat da Euskal Herrian prestakuntzaren arloan, eta eginkizun guztiz garrantzitsua betetzeko gai izango diren profesionalak trebatzen ditu gizartearen erronka nagusiei aurre egiteko; hots, jakintzaren transferentzia, teknologia berrien garapena, garapen jasangarria, ingurumenaren zaintza, eta abar.

Gaur egun, Fakultatean 788 irakasle-ikertzaile inguru, administrazio eta zerbitzuetako 97 langile, 2.528 graduko ikasle eta 340 graduondoko ikasle daude.