euskaraespañol

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea Europako Espazio Agentziaren Juice misioan parte hartzen ari da

Ekimenaren bidez, Jupiter planetan eta haren sateliteetan bizitzeko baldintzarik dauden esploratuko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/02

Ricardo Hueso (ezkerrean) eta Agustín Sánchez Lavega (eskuinean) ikerlariak
Ricardo Hueso (ezkerrean) eta Agustín Sánchez Lavega (eskuinean) ikerlariak | Argazkia: UPV/EHU

Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileak, Europako Espazio Agentziaren (ESA) JUICE misioan (Jupiter Icy Moons Explorer) parte hartzen ari dira. Hueso ikertzailekide gisa aritzen da JANUS kameran, eta Sánchez Lavega MAJIS instrumentuko ikertzailekidea da. Beren ikerketei dagokien atalaren interesa, batez ere, Jupiter planetako atmosferaren azterketan zentratzen da.

Europako Espazio Agentziaren (ESA) JUICE misio espaziala (Jupiterreko ilargi izoztuen esploratzailea) izango da Jupiter planetako hiru satelite erraldoien (Europa, Ganimedes eta Calixto) baldintza astrobiologikoak gertutik aztertzen lehena. Izotzez osatutako gainazalen azpian urezko ozeanoak dituztela uste da.

Ontzia joan den ostiralean, apirilaren 14an, jaurti zuen Ariane 5 suziri batek, Guyana Frantsesetik, eta dagoeneko Jupiterrera bidean da. Ibilbidea konplexua izango da, eta Artizarraren eta Lurraren gainetik igaroko da, 2031ko uztailean planetara iristeko beharko duen bultzada irabazteko. Ondoren, hiru urte eta erdi inguruan, Jupiterren eta Europa eta Calixto sateliteen gainetik ibiliko da hegan, haiek esploratzen, eta 2035ean Ganimedes ilargiaren orbitan sartuko da. Bertan amaituko du bere misioa, ilargiratzean. 

Satelite horien gainazalen egitura geologiko bereziek, Europan hautemandako gas isuriek eta Ganimedesek (eta, ziurrenik, bai eta Calixtok ere) eremu magnetikoa izateak irmoki iradokitzen dute gainazal azpiko ur likidozko ozeanoak daudela. Mundu horietan halakorik aurkituko balitz, bide berriak irekiko lirateke esplorazio astrobiologikoan eta unibertsoko bizitzaren bilaketan.  

Agustín Sánchez Lavegaren arabera: “MAJIS kamera-espektrometro bat da, ikusgaian eta infragorrian lan egiten duena, eta, harekin, nagusiki, ilargien gainazalen eta atmosferen konposizio kimikoa aztertzeko espektroak lortuko dira, bai eta Jupiterren atmosferarena, hango hodeien propietateena eta haien mugimenduena eta dinamikarena ere”. 

“JANUS JUICEren bereizmen espazial handiko kamera da, eta uhin luzeren gama bateko irudiak lortzeko aukera ematen du: hurbileko ultramoretik infragorri hurbilera, ageriko argitik igaroz. JANUSek Jupiterren atmosferaren, bere aldaketen eta Europa, Calixto eta Ganimedesen egitura geologikoen mapa osoak emango dizkigu. Mapa horiekin batera hiru dimentsiotako irudiak ere lortuko dira, JUICEren orbitako hainbat puntutatik begiratuta”, esan du Ricardo Huesok.

Halako misio espazial batean –iraupen luzekoa eta konplexua da, eta garatzeko ikerketa ildo asko diru–, Zientzia Planetarioen Taldeko beste kide gazteago batzuk sartzea espero da, eta, aldi berean, doktorego tesia misio horrek sortzen duen zientziaren esparruan egingo duten ikertzaile berriak.