euskaraespaƱol

Zientzia eta Teknologia Fakultateak normaltasun akademikoa berreskuratu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/14

Zientzia eta Teknologia Fakultateko sarrera nagusia. ARGAZKIA: Jorge Navarro. UPV/EHU

Pertsona bat Leioan dagoen UPV/EHUren Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean sartu zen atzo eta perdigoi-kartutxoekin kalteak eragin zituen. Ikastetxea normaltasun osoz ari da irakaskuntza- eta ikerketa-jardunaldia garatzen.

Atzo arratsaldean izandako kalteak materialak izan ziren (fatxadako hainbat kristal zulatuta, informazio-monitore bat, beira-arasa bat eta eraikinaren horma eta sabaietan izandako inpaktuak). Horien behin betiko kuantifikazioa egiten ari gara.

Unibertsitateko errektoreak eta bere taldeko kideek bilera egin dute gaur goizean unibertsitateko fakultate eta eskoletako arduradun nagusiekin, gertaeraren berri zehatza emateko eta lasaitasun-mezua helarazteko. Gertakarien ikerketak Ertzaintzaren esku jarraitzen du.

"Atzoko gertaera larriaren ondoren, fakultateak bere ohiko jarduera berreskuratu du arlo guztietan -adierazi du Eva Ferreira errektoreak- Elkartasuna adierazi nahi diet gertakari tamalgarri honek eragindako unibertsitate-komunitateko pertsona guztiei, eta, aldi berean, zorionak eman nahi dizkiet unibertsitateko langileei eta Ertzaintzari esku-hartze azkar eta eraginkorragatik".