euskaraespañol

Zientziak Bizkaia konkistatu du

9.000 pertsonak parte hartu dute irailaren 13tik 29ra bitartean Bizkaia Zientzia Plaza dibulgazio zientifikoko ekitaldiaren barruan antolatutako jardueretan, iaz baino 3.000 pertsona gehiagok

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/02

Irudia
9.000 pertsonak parte hartu dute –iaz baino 3.000 gehiagok–, irailaren 13tik 29ra bitartean, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Bizkaia Zientzia Plaza.

Naukas Bilbaok, Bizkaia Zientzia Plazako ekitaldi nagusiak, Bizkaiko hiriburuan antolatutako 8 edizioen arteko onenetakoa osatu eta orain arteko arrakasta berritzea lortu du, guztira 6.544 pertsona bildu dituelarik

Berriz ere gertatu da. Bizkaiak zientziari men egin dio, era masiboan egin ere. 9.000 pertsonak parte hartu dute –iaz baino 3.000 gehiagok–, irailaren 13tik 29ra bitartean, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Bizkaia Zientzia Plaza (BZP) dibulgazio zientifikoko jaialdiaren bigarren edizioko jardueretan.

Ondoz ondoko bigarren urtez, Bilboko Euskalduna Jauregian, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan eta lurralde historikoko zenbait udalerritan, doako 7 ekitaldi antolatu dira jarduera zientifikoa hainbat formatu eta erregistrotatik aztertzeko: hitzaldiak, ikuskizunak, tailerrak eta haurrentzako jarduerak.

Jendaurreko jardueren arrakasta online ingurunera ere hedatu da aurten; Bizkaia Zientzia Plazako 2018ko ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu dituzte egunez egun 7.000 ikuslek baino gehiagok, EiTBren Kosmos kanalaren eta Bilboko Bidebarrieta Liburutegiaren KulturguneaTBren bidez.

“Bizkaia 15 egunetan zientziaren epizentroa izatea lortu dugu berriz ere, baina arrakasta hau ezinezkoa izango litzateke bertaratutakoek zientziaren zirrikituak ulertu eta bertatik bertara ezagutzeko erakutsi duten jarrera proaktiborik gabe”, adierazi du Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak.

Naukas Bilbao, zientzia ikusgai, entzungai eta kantugai

Naukas Bilbaok, Bizkaia Zientzia Plazako ekitaldi nagusiak, Bizkaiko hiriburuan antolatutako 8 edizioen arteko onenetakoa osatu eta orain arteko arrakasta berritzea lortu du, ondoz ondoko bi saioetako bakoitzean 3.000 pertsona baino gehiago bilduz.

Aurten ere, ekitaldiaren jarraitzaileek Estatuko zientzia-dibulgatzailerik onenek emandako 10na minutuko 60 hitzaldiz gozatzeko aukera izan dute, zuzenean nahiz streaming bidez.

Sare sozialetan, Naukas Bilbaoren #Naukas18 etiketa 15.000 txiotan baino gehiagotan erabili dute 4.000 erabiltzailek baino gehiagok.

Jokoak, bidaia espazialak eta ikuskizunak adimen egonezinentzat

Igandean, irailak 16, txikienen txanda izan zen Naukas Kids jarduerarekin, guztira 1.248 pertsona baino gehiago erakarri zituelarik, iaz baino ia bi aldiz gehiago. Goizean, Euskalduna Jauregiak zientziarekiko jakinmina piztu zuen gazteenen artean, simulagailu espazialekin, DNAren azterketekin edota historia aurreko aztarnategietako indusketekin.

Aldi berean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Scenio zientzia-erakusketa sortzaileagoaren bigarren edizioan, irudi zientifikoak, magia ikuskizunak, musika, antzerkia eta bakarrizketak izan ziren ikusgai.

“Jakinduriek mundue erreko dau!” zikloaren edizio berri batean, bertsozaleak eta zientziazaleak Ondarroan, Durangon eta Igorren bildu ziren irailaren 20an, 21ean eta 29an, Onintza Enbeita, Aitor Sarriegi eta Jon Maia gisako kategoria handiko bertsolariak partaide izan zituen luxuzko programaz gozatzeko.

Aurten, lehenengo aldiz, Bizkaia Zientzia Plazak arteen eta zientzien arteko elkarrizketa sustatzea xede duen Mugako elkarrizketak deritzon topaketa eskaini du. Ekitaldia Bilboko Bidebarrieta liburutegian egin zen irailaren 26an eta Javier Argüello idazle argentinarrak, Pilar Hernández Gamazo Fisika Teorikoko katedradunak eta Juan José Gómez Cadenas fisikari eta idazleak parte hartu zuten.

EITB zientziarekin

Ekitaldia, besteak beste, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EiTB taldearen lankidetzaz antolatu da. EiTBk zuzenean igorri ditu Kosmos kanalaren bitartez Bizkaia Zientzia Plazako ekitaldi nagusiak (Naukas Pro, Naukas Bilbao, Scenio, Jakinduriek mundue erreko dau).

Naukas Bilbaoko hitzaldiak taldearen webgunean ikus daitezke, eta dagoeneko 65.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu bisitari. Kosmos kanalean gehien ikusi diren bideoen artean, Gemma del Caño eta Marian Garcíaren "Sandwich mixto en tres actos" (Sandwich mistoa hiru ekitalditan) izenburuko musika ikuskizuna dago, 120.000 erreprodukzio baino gehiago izan dituena, eta EiTB Nahieran plataforman, azken aste hauetako bideorik ikusiena, bertan eskainitako guztien artean, Antonio Martínez Ron kazetari zientifikoak eta Lluis Montoliú bioteknologoak CRISPR teknika genetikoaren aitatzat jotzen den Francis Mojica mikrobiologoari egindako elkarrizketa izan da (7.868 aldiz ikusi da).

Era berean, BZPko jarduera laburbiltzen duten bideo guztiak esteka honetan izango dira ikusgai.