null

Zilarrezko nanopartikulak toxikoak dira uretako organismoentzat

UPV/EHUko ikertalde batek zilarrezko partikulen eraginpean zebra arrainek epe luzera jasandako ondorioak aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/17

Ezkerretik eskuinera: Eider Bilbao, Miren Cajaraville, Amaia Orbea eta José María Lacave. (Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU)

Zilarrezko nanopartikulak gero eta gehiago erabiltzen dira kontsumoko produktu gisa, adibidez, arropan, norberaren zainketa produktuetan eta elikagaien zein medikuntza-farmaziaren industrian. Ondorioz, aurreikusi da gero eta gehiago egongo direla ingurumenean eta organismoei ondorio kaltegarriak eragin diezazkieketela. UPV/EHUko “Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian” ikertaldeak ur gezan dauden partikula horiek epe luzera utz dezaketen aztarna aztertu du, zebra arrain helduetan.

Azterlanaren ondorio nagusien artean, nabarmendu dute zilarra uretan agertzeko duen moduak (disolbatuta edo nanopartikulatan) eragina duela metalak arrainen organoetan duen banaketan. Halaber, behatu ahal izan da zilar disolbagarriak epe laburreko alterazioak eragiten dituela (hiru egun), eta nanopartikulek, berriz, epe luzeagora (21 egun); bietan ere, ur garbitan animaliek sei hilabeteren ondoren araztu zituzten beren gorputzak, baina detektatu denez, zakatzetan hanturak iraun egin zien metal horren eraginpean egon ondoren.

Amaia Orbeak gidatutako azterlanean, zebra arrainen hiru talde erabili ziren 50-60  bana, hiru akuario desberdinetan. Urmaeletako batean, zilar nitratoa gehitu zuten uretan disolba daitekeen zilarra sortzeko; bigarren batean, 20 nm tamainako zilarrezko nanopartikulak (NP Ag); hirugarren batean, berriz, ur garbia, kontrol gisa erabilita. Kutsatutako urmaeletako taldeak 21 egun egon ziren bi metal formen eraginpean eta, gero, sei hilabete gehiago ur garbiarekin, epe luzera zilarraren eraginpean izandako ondorioak aztertzeko. Ingurumenean adierazgarritzat jotako metal kontzentrazio bat erabili zen, alegia, naturan egon zitekeen kontzentrazio bat, adibidez, tratamendu instalazioetatik ateratako hondakin uren bokale batean. Substantzia baten metaketa intoxikazio bat gertatzeko lehendabiziko pausoa da.

Zilarraren eraginpean 21 egun eta ur garbitan sei hilabete eman ondoren, hainbat analisi kimiko eta biologiko egin ziren arrain horien zakatz, gibel eta hesteetan. Ikertaldeak zakatzak aukeratu zituen kutsatzaileak sartzeko sarrera nagusia delako; gibela, berriz, metabolismo eta desintoxikaziorako organo nagusia delako; hesteak, azkenik, zilarrezko nanopartikulak janariaren bidez adsorba daitezkeelako.

Analisietatik ondoriozta daitekeenez, zilar disolbagarriaren edo zilar nanopartikulen eraginpean egon, arrainek metal kontzentrazio antzekoak metatzen dituzte. Ur garbitan 6 hilabete pasa ondoren, gainera, metalaren eraginpean egon aurreko mailetara suspertu ziren. Arrainen organoak analizatzean, ondorioak desberdinak izan dira. Gibeleko eta hesteetako zilarraren banaketa tratamenduan erabilitako metal formaren araberakoa zen, baina bi tratamenduek eragiten zuten hantura arrainen zakatzetan eta, gainera, ur garbitan sei hilabete pasa ondoren ere, iraun egiten zuen ondorioak.

Bestetik,  gibeleko transkriptomaren analisiak erakutsi zuen zilarraren eraginpean egoteak ondorio larriak dituela. Zilar disolbagarriaren eragina larriagoa izan zen  hiru egunen ondoren, guztira 410 gene sekuentziaren adierazpen mailetan detektatu baitziren aldaketak. Zilar nanopartikulen kasuan, alterazioa 21 egunetara detektatu zen, eta 799 sekuentziari eragin zien.

Erreferentzia bibliografikoa