ZIUR eta UPV/EHUk indarrak batu dituzte, zibersegurtasunaren alorrean berrikuntza eta formakuntza indartzeko

Helburuak lerrokatu, ezagutza partekatu eta bi eragileetako langileek segurtasun digitalaren arloko prestakuntza hobetzea bilatzen du hitzarmenak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/08

Jabier Larrañaga eta Agustin Erkizia hitzarmena sinatzen. Argazkia: GFA
Jabier Larrañaga eta Agustin Erkizia hitzarmena sinatzen. Argazkia: GFA

Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak eta ZIUR Fundazioko presidenteak eta Agustin Erkizia, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak lankidetza hitzarmena sinatu dute, ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroaren eta unibertsitate honen artean. Akordioaren helburua zibersegurtasunaren inguruko berrikuntza eta formakuntza indartzea da, eta bi eragile horien artean helburuak lerrokatu, ezagutza partekatu eta prestakuntza, berrikuntza eta ezagutzaren sorrera sustatzea bilatzen du. Akordioak lau urteko indarraldia du, eta beste lau urtera luza daiteke. Bi erakundeek hilabeteak daramatzate elkarlanean eta, arduradunek nabarmendu dutenez, orain arte oso emankorra izan den lankidetza sendotzera dator hitzarmena.

Larrañagak gogorarazi duenez, Etorkizuna Eraikiz programaren babesean sortutako proiektua da ZIUR, eta, horren bidez, etorkizuna elkarlanean eraikitzea bultzatzen ari da Aldundia. "Elkarlanean jardutea ZIURen DNAn dago eta, ondorioz, guztiz logikoa da eta albiste oso ona Gipuzkoarentzat UPV/EHUrekin aliantza erdiestearena", azpimarratu du. Gogorarazi duenez, Gipuzkoako Campusean Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Informatika Fakultatea daude, eta bi gune horietan lantzen, berritzen eta irakasten da zibersegurtasuna. "Lehen mailako ezagutza agente bati buruz ari gara, eta horri esker ZIURek bere irismena nabarmen zabaltzea espero dugu", azpimarratu du.

Foru Aldundiko arduradunak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemiak digitalizazio prozesua azkartzea ekarri du sektore guztietan, industria barne. Horrek abantaila ugari dakartza, baina aldi berean zibersegurtasunaren mehatxuari atea zabalik uzten dio. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuen arabera, delinkuentzia-tasak % 18 egin zuen behera Euskadin 2020an, baina delitu informatikoek ere gora egin zuten proportzio berean (+% 18). "Beraz, zibersegurtasuna gaur egun lantzea ez da aukera bat, behar bat baizik, eta Gipuzkoa eta bere industria ondo kokatuta daude arlo honetan ZIURen lanari esker", azpimarratu du.

Bestalde, Erkiziak gogoratu du hitzarmen honen sinadura ondorio logiko eta naturala dela, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak elkarlan estua baitute, lurraldearen garapenarentzako estrategikoak diren esparru guztietan. “Gero eta digitalizatuago dagoen mundu batean, zibersegurtasuna funtsezko elementua da lehiakortasunaren ikuspegitik edozein erakunderentzat, eta aliantza honi esker, eragile guztien eta gizarte osoaren eskuragarri jarriko da bi eragile sinatzaileetan dauden kalifikazio altuko pertsonek duten ezagutza, berrikuntza eta ikerkuntza gaitasun guztia. Euskal Herriko Unibertsitateak oso modu positiboan baloratzen ditu honelako egitasmoak, dauden sinergiak era egokian ustiatzea ekartzen baitute”.

Ekintzak elkarlanean

Hitzarmenak jasotzen duenaren arabera, bi erakundeek hainbat jarduera partekatu bultzatuko dituzte. Hauen artean, esaterako, enpresa eta unibertsitatean formakuntza duala sustatzea helburu dutenak daude; bi entitateen artean ikerketa eta emaitzen transferentzia gerturatzea; ekoizpen ehunak dituen beharretara egokitutako talentua sustatzea, aldi berean ikasleen enplegagarritasuna hobetuz; Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko irakasleei eta ikertzaileei aholkuak ematea, betiere lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzea helburu duten ekintzetan, horretarako berrikuntza, ezagutzaren sormena eta transformazioa, taldean lan egitea eta proiektuen bultzada eta kudeaketa erabiliz.

Aldi berean, ZIUR eta UPV/EHUk elkarlanean arituko dira ikerkuntza arloan eta ezagutza eta teknologiaren transferentziarenean. Gainera, ikerketa eta analisiko lan akademikoen exekuzioa sustatuko dute, Gipuzkoako Campusean egiten diren hezkuntza kooperazioko programetan (kanpoan egindako praktikak), Gradu Amaierako Lanetan, Master Amaierako Lanetan eta Doktoretza Tesietan. Baita ere, aurreikusten da formakuntza eta dibulgazioa jardunaldiak antolatzea, lan eta ordezkaritza foroetan batera parte hartzea edota kontaktuen edo interes sareak partekatzea, bi eragileetako baten laguntza jaso dezaketen kasuetan.