euskaraespañol

Susana Jodra Llorente

Begirada anitzak / Hizkuntza anitzak / Mezu anitzak

Arte Ederren Fakultateko irakaslea, artista, LAIDA literatura eta identitatea ikerketa taldeko kidea, eta ARTEKOM Artea eta komunikazioa trantsizio energetikorako lantaldeko kidea

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 22/04/2021

Susana Jodra Llorente
Susana Jodra Llorente. Foto: Mitxi. UPV/EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Sorkuntzaren alorrean ikertzen ari garenok, besteak beste, bi arazo nagusi ditugu: batetik gure sormen lana ikerketa bezala eremu akademikoan onartua izatea eta, bestetik, emakumea izanda ikuspena edo agerikotasuna lortzea. Argi dago jakituriaren eremu bakoitzak berezko hizkuntza eta tresna propioak dituela, baina interesguneak edo begiraden bilkura aurkituz gero, elkarrekin lan egin dezakegu mezuak igortzeko aukeren oparotasunaren eta eraginkortasunaren alde.

Horixe da, hain zuzen ere, 2020an argitaratu dugun ‘Arte, Literatura y Feminismos. Lenguajes plásticos y escritura en Euskal Herria’ liburuan erakutsi nahi izan duguna, LAIDA ikerketa taldearen laguntzarekin. Hau da, gure lurraldeko emakume sortzaileak ardatz hartuta, artean eta literaturan erabiltzen diren hizkuntzen aniztasuna gaiei dagokienez ere. Horretarako Amelia Benito del Valle de Eskauriaza eta biok editore lanetan ibili gara eta bi alorretako lankideen idatziak bildu ditugu, gureak barne. Arteari dagokionez, sortzaileok bereziki lehen pertsonan gure lanari buruz hitz egiteko aukera izan dugu, artelanak gauzatzeko jorratzen dugun prozesua, ikerketa teorikoa, praktikoa eta plastikoa nabarmenduz, gehienetan besteen esku uzten dena.

Hizkuntza hitza aipatzen dugunean, zerbait esan, kontatu edo komunikatzeko moduari edo formari buruz ari gara. Idaztean, marraztean, kantatzean, argazkitzean… mezuaren esanahia eraldatzeko gaitasun horretaz. Hau modu zuzen edo sotil batean egin daiteke, kolore edo elementu grafikoen bitartez, narrazio luze edo laburren bitartez, lerroen artean irakurriz, gure burmuinean irakurritakoa eratu ditzakeen irudien bitartez… forma anitzak daude, irakurketa anitzak dauden bezala. Izan ere idatziak irakurri egiten diren bezala irudiak ere irakurtzen ditugu eta idatziak aipuak diren modu berean irudiak ere badira.

Gaien aldetik eremu profesionalean oraindik ere badira jorratu egiten ditugun gaiak, jokatzen ditugun paperak, jasaten ditugun eraginak, ezartzen dizkigute mugak… emakumea izatearekin lotuta doazenak eta aurreiritzi honekin ere apurtu nahi izan dugu. Sormenak eskaintzen dituen hizkuntzen, begiraden eta mezuen aniztasun honen ugaritasuna azalaraziz. Igorlearen generoa arduratu gabe. Zergatik da hain garrantzitsua lan bat sinatzean egilearen generoa (oraindik ere bitara mugatuz), zein den jakitea artista, idazlea, bertsolaria…, zergatik gaur egun oraindik ere honek gure pertzepzioan eragina du? Liburu bat irakurri eta gizon batek idatzia delakoan emakume batek idatzitakoa dela ohartzen garenean, irakurritakoaren ingurukoa guztiz aldatzen da, onerako zein txarrerako, baina aldatzen da, eta gauza bera gertatzen da, hain zuzen ere, erakusketa bat bisitatzean.

Hizkuntza plastikoak harreman erosoa du giza zientziekin, baina eskaintzen dituen baliabide eta begirada anitzak oso baliagarriak dira komunikazio lanetan ere, eta bestelako esparruekin partekatu daiteke. Adibidez, Carmen Marínek zuzentzen duen ARTEKOM taldean lantzen duguna Artea eta Komunikazioa trantsizio energetikorako, non Arte Ederren eta Gizarte Zientzien eta Komunikazio Fakultateko irakasle, ikasle eta AZPko lankideak elkar lanean dihardugun, gizakiok eragindako aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezinbestekoa den trantsizio energetikoari ikuspena emanten diogu. Horretarako hitzaldiak, jardunaldiak, Gradu Amaierako zein Master Amaierako lanak sustatu ez ezik ekozinemaldia eta erakusketak ere antolatzen ditugu, non begirada eta egite artistikotik zer esan asko dagoela nabarmentzen den. Horren adibide garbia dira ‘Egin behar dugu’ (Balmaseda 2019) edo ‘Egiten ari gara’ (Bilbo 2021) erakusketak.

Antropologoa, ingeniaria, irakaslea eta aktibista ekofeminista den Yayo Herrerok dioen bezala “etorkizun bat posible dela erakusteko irudimena aktibatu beharra dago eta egiteko honetan begirada artistikoa ezinbestekoa da”.

Artea errepresentatzeko eta ilustratzeko erabilia izan da, baina aipatutako hizkuntzen aniztasunagatik, esan bezala, komunikatzeko gaitasun eta baliabide zabalak ditu. Edozein medioren bitartez eratutako irudiak eraginkorrak dira: argazki, idatzi, bertso, marrazki, doinu, mugimendu, antzezlan, objektu, komiki, instalazio… Grafikoak, letrak edo zenbakiak ere irudiak dira, baina hauek nola erabili?, nola ikusarazi? Datuak sortu eta gero gizartearen orokortasunari modu eraginkorrean nola igorri, hauek ulertuak, gogoratuak, landuak, transmitituak… izan daitezen, hortan dago koska.

Artea kultura guztietan dago eta hauetariko bakoitzak berekiko duen pertzepzioarentzat beharrezkoa da, beraz guztioi dagokigun kontzeptua da, azaleratzen duen erronka emozional, estetiko edo psikologikoak edozein direlarik, ezin baita bizitzatik banatu.

Gizarteak gure lana ulertu, bereganatu eta konpartitzen duen bitartean, eremu akademikoan ez da gauza bera gertatzen. Guk elkar lanerako beti prest bagaude ere, artea familikide ez eroso bat bailitzan tratatua da eta opari, oroigarri edo apaingarriak behar direnean gogoratzen gara hartaz. Jakintza arloen artean berdintasun harremanak ezinbestekoak dira, baina etxean oraindik ere arrotz gara; eta hau guztia adierazpen grafiko baten bidez ere esan nezake, baina oraingoan ere ezarritako formatura egokitu behar.