euskaraespañol

Aitor Urresti

Herritarrok, trantsizio energetikoaren funtsezko eragile berriak

Ingeniaritza Energetikoa saileko irakaslea

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 07/10/2021

Aitor Urresti
Aitor Urresti. Foto: Mitxi. UPV/EHU.

Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Larrialdi klimatikoa gero eta argiagoa da gure inguruan. Negutegi efektuko gasen isuriak goraka doazen heinean, gero eta efektu bortitzagoak nabarmentzen dira munduko sistema klimatikoan, gure inguruan ere nabaritu ditzakegunak. Isuri hauek murrizteko eta desagarterazteko, aldaketa garrantzitsuak egin behar ditugu gure gizartean, eta bereziki, sistema energetikoa guztiz aldatu beharra dago. Zoritxarrez, gure gizartearentzat, energia oinarrizko baliabidea da, baina gure kontsumo energetikoa, erregai fosiletan oinarrituta dago (%86a mundu mailan, %78a estatu mailan), eta hauek erretzean sortzen diren berotegi efektuko gasek, klima aldaketa areagotzen dute. Haratago, erregai fosil hauen agortzea gero eta argiagoa da, bereziki petrolioa eta gas naturalaren kasuan.

Etorkizunera begira, argi dago sistema energetiko osoa energia berriztagarrietan oinarrituta egon beharko dela, agortezinak bait dira, eta ingurugiroan sortzen duten kaltea askoz ere txikiagoa delako, erregai fosilekin alderatuta. Kontutan izanda erregai fosilak gure kontsumo energetikoan gailentzen direla, eraldaketa sakon bat sortu behar da eredu energetikoan. Honek erronka itzela suposatzen du, ez bakarrik teknologikoki, baita ere ekonomia eta gizartearen ikuspegitik.

Teknologikoki, gaur eguneko sistema energetikoa guztiz aldatu beharko dugu, energia berriztagarrietako instalazio berriak eraikiz, erregai fosiletan oinarritutakoak ixten ditugun heinean. Aldi berean, energiaren kudeaketa sistema berriak sortu beharko dira, non energiaren biltegiratzeak funtsezko garrantzia eukiko duen. Izatez, eguzki eta haize energiek duten arazorik handiena, soilik eguzkia edo haizea dagoenean erabili daitezkeela da. Hau dela eta, energia iturria eskuragarri dagoenean, energia sortu eta biltegiratu beharko da, geroago erabili ahal izateko.

Erronka sozioekonomikoak anitzak dira baita ere. Hasteko, energia zentzuz erabiltzen hasi beharra dago, energia aurreztuz, eta modu eraginkorrean erabiliz. Gainera, kontutan izanda berriztagarrien aldizkako eskuragarritasuna, energiaren kontsumoa eskuragarritasun honetara moldatzea ere garrantzizkoa izan daiteke. Ahal den heinean, industriak bere produkzioa energiaren eskuragarritasunera doitu ezkero, parte bat besterik ez bada ere, zentzuzkoagoa den sistema bat lortuko dugu. Gauza bera gertatzen da etxebizitzen kasuan, eta hemen domotikak ahalbideratzen duen elektratresnen programazioa oso erabilgarria izango da etorkizun hurbilean.

Haratago, trantsizio energetikoak aldaketa garrantzitsua suposa dezake gizartearentzat, eragile berriak sortu bait ditu sistema energetikoan. Energia berriztagarriak oso modularrak dira, hau da, tamaina txikiko instalazioetatik (etxeetan jartzeko aproposak), tamaina erraldoiko sorkuntza parkeetaraino, behar energetiko desberdinetara moldatu daitezke. Gainera, kontutan izanda isuri kaltegarririk sortzen ez dutela, aproposak dira energia kontsumitzen den leku berean instalatzeko, energia garraiatzean sortzen diren galerak desagerraraziz.

Autokontsumoa, trantsizio energetikoarekin bat sortu den kontzeptu berria da. Norberak, kontsumitzen duen energiaren parte bat, bere eraikinean sortzen eta kontsumitzen du. Kontsumitzen duen energia baino gehiago sortzen duenean, sare elektrikora bideratu dezake, beranduago berreskuratzeko aukera duelarik. Modu honetan, norbanakoek kontsumitzaile izateaz aparte, energiaren sortzaileak ere bihurtzeko aukera dugu. Pertsona guztiak sistema energetikoaren eragile aktibo bihurtu gaitezke, energia demokratizatuz. Ez da beharrezkoa enpresa handi bat izatea energiaren sorkuntzako sisteman ere parte hartzeko. Izatez, hurrengo urteetan, trantsizio energetikoak eragingo duen energiaren demokratizazioak aurrerapauso izugarri bat egingo du. Alde batetik, autokontsumoak gorakada nabarmen bat eukiko duela argi dago, azken urteetako araudi aldaketek asko erraztu bait dute honelako instalazio bat martxan jartzeak, eta aldi berean, instalazioen kostuak modu nabarmenean txikitu dira. Baina autokontsumoaz aparte, eragile berri bat sortzear dago sistema energetikoan: Tokiko Energia Komunitateak.

Tokiko Energia Komunitateak, Europako zuzentarauetan agertzen den eragile berria da, oraindik ere estatu mailan guztiz arautu ez dena. Komunitate hauetan, enpresek, instituzioek eta herritarrek parte hartuko dute, trantsizio energetikoa bultzatzeko. Honela, komunitate hau ez litzateke soilik autokontsumora bideratuko, hau da, elektrizitatearen sorrera, baizik eta haratago joango litzateke, energiaren esparru guztietan parte hartzeko gaitasuna edukiko bait du: energiaren aurreztea eta eraginkortasuna, eraikinetako beroketa eta girotzerako sistema berriztagarriak, mugikortasun sostengarria… Bide berriak irekitzen ditu aukera honek, eta trantsizio energetikoa benetan herritarron eskuetan egotea ahalbideratu dezake.

Argi dago premiazkoa dela energia trantsizioan murgiltzea, gaur egun dagoen eredu energetiko kutsakorra, energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko berri baten eraldatuz. Denboraz estu gabiltz, larrialdi klimatikoa gero eta ageriagoa delako. Baina trantsizio energetiko hau bide onetik eroateko, herritarron bultzada berebizikoa izango da. Zorionez, azken urteetan eragile berriak sortu dira energiaren munduan, iraultza garrantzitsu bat suposa dezaketenak. Autokontsumoa alde batetik, baina bereziki tokiko energia komunitateak, sistema energetikoa behingoz eraldatzeko giltza izan daitezke zalantzarik gabe.