Zientzia Astea 2017: eman izena jardueretan parte hartzeko

Data

  • Hasiera: 2017/10/23 0:9
  • Amaiera: 2017/11/12 20:0

Deskribapena

UPV/EHUren XVII. Zientzia Astea dela eta, Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu diren tailer eta txangoetan parte hartu ahal izateko izen-emateko epea hasi da. Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Azaroaren 8tik 12ra bitartean Bilbon eta Barakaldon egingo da XVII. Zientzia Astea, azaroaren 9tik 11ra Donostian eta azaroaren 9tik 12ra Vitoria-Gasteizen. Bilbon, Bizkaia Aretoan izango da; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoan; Donostian, Tabakaleran eta, Vitoria-Gasteizen, Bibat Museoan.

Antolatutako 51 tailer eta 36 txangoen artean, besteak beste, Bilbon, gure gertuko bizilaguna den Marte planetara hurbilduko gaituen tailerra egingo da, NASAk berak emandako tresnak erabilita; Donostian, eraikuntzarekin lotutako erronka batzuei erantzun behar izango diete parte-hartzaileek, 20 minututan, estandarizatutako piezak erabiliz.; eta Gasteizen, ibilgailu elektrikoen I. Grand Prixa izango dugu, sari banaketa eta guzti. Aktibitate guztiak doakoak dira eta izen-emateak zientzia-astea.eus webgunearen bitartez burutu beharko dira ezinbestez.

UPV/EHUren XVII. Zientzia Asteak beste hainbat aktibitate izango ditu: 51 tailer eta 36 txangoez gain, 52 txoko, 5 erakusketa, zenbait hitzaldi, txikienentzako 3 zientzia-ikuskizun ere egongo dira, baita Zientzia Club formula ere, umorea, musika eta zientzia osagaiak batzen dituzten bakarrizketak.

Bakarrik tailerretan eta txangoetan parte hartzeko da ezinbestekoa izen-ematea.

Bestalde, Zientzia Asteko egoitza berriak, Barakaldok, 20 jarduera baino gehiago eskainiko ditu tailerrak, bisita gidatuak eta erakusketak barne. Gainera, azaroaren 11, larunbata, saiakuntzaz, erakustaldiz eta magiaz beteriko eguna izango da. Erreserbak egiteko informazio guztia hemen dago: zientzia-astea.org/eu/zientzia-astea-barakaldo/

Euskal Herriko Unibertsitateak Zientzia Astea 2017 antolatu du, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasunerako Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren laguntzarekin.