Eduki publikatzailea

Félix M. Goñik jasoko du L.F. Leloir Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Nazioarteko lankidetza saria

Noiz eta non

2017/11/15 2017/11/15, 18:00 - 19:06

Irudia
Félix M. Goñi. Argazkia: UPV/EHU.

Deskribapena

Asteazkenean, azaroak 16, 18:00etan, Buenos Aireseko Zientziaren Kultura Zentroan, Argentinako Gobernuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Produktiboaren Ministerioaren eskutik  Félix M. Goñik L.F. Leloir Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Nazioarteko lankidetza saria jasoko du.

Félix M. Goñi (Donostia, 1951) katedradunak Universidad de Navarran egin zituen doktorego ikasketak, eta Medikuntza eta Kirurgian doktorea da 1975az geroztik. Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen doktorego ondoko ikasketak. 1978an sartu zen UPV/EHUn, eta bertako Zientzia eta Teknologia Fakultatean gerora Biomintzen Taldea izango zena hasi zen garatzen eta, 1999tik aurrera, Biofisikako Unitatea. Bere taldea Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko errendimendu handiko taldeetako bat da. Bere ikerketa-lanaren oinarria zelula-mintzetako interakzio molekularrak dira.

14 urtetan zehar (2001-2015) Biofisika Unitateko zuzendaria (CSICen eta UPV/EHUren zentro mistoa) izan zen irakaslea. Gainera, Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko akademiko urgazlea da 2015etik eta Espainiako Biokimika eta Biologia Molekularreko Elkarteko presidentea 2016tik.

Sei liburu eta 305 artikulu argitaratu ditu, eta hainbat hitzaldi eman ditu nazioarteko batzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan.  Hiru patenteren egilekidea da eta 16 doktore tesiren zuzendaria izan da. Journal of Liposome Research, Chemistry and Physics of Lipids eta Journal of Chemical Biology aldizkarietako argitaratze batzordeetako kidea da.

Horrez gain, Revista de Derecho y Genoma Humano aldizkariko erredakzio batzordeko kidea da eta nazioarteko hainbat batzarretako zientzia batzordetan parte hartu du. Biophysical Societyren barruan, elkartearen jardunaldi bat antolatzeaz arduratu zen lehenengo atzerritarra izan zen; zehazki, 51st Annual Meeting of the Biophysical Society (2006) programaren (Baltimore, Maryland, AEB) batzordeko presidentea zen. 2010ean Amerikako Biofisika Elkartearen Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko presidente izendatu zuten.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Zientzia Politikaren zuzendaria izan zen. FEBSren (Federation of European Biochemical Societies) argitaratze batzordeko burua izan zen, eta Fundación Biofísica Bizkaia/Biofisika Bizkaia Fundazioaren sortzaile eta presidentea.

Euskadi Ikerketa Saria da (2002), Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kidea (2003), Universidad Nacional de Córdobako (Argentina) ohorezko irakaslea (2005), eta baita Bizkaitar Argia ere (2012).