Eduki publikatzailea

Aurkikuntza berretsiz, 'Cell Stem Cell' aldizkari ospetsuan argitaratu da

Epilepsiak neurona berrien sorkuntza murrizten duela egiaztatu dute

Ikerketak ama-zelulek gaixotasun horren aurkako etorkizuneko terapietan izan dezaketen potentzialtasuna esploratu du

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/11

Irudia

Achucarro (Achucarro Basque Center for Neuroscience) zentroan lanean diharduten Amanda Sierra eta Juan Manuel Encinas Ikerbasqueko ikertzaileek hipokanpoko ama-zelula neuralen propietate berri bat aurkitu dute sagu transgenikoetan epilepsia-eredu bat erabiliz. Lana, ama-zelulen ikerkuntzari buruzko nazioarteko erreferente nagusitzat jotzen den 'Cell Stem Cell', aldizkari ospetsuan argitaratu da.

Hipokanpoa dugu garuneko egitura nagusietako bat, eta horko ama-zelula neuralak neurona berriak sortzeaz arduratzen dira ugaztunen helduaroan, gizakiak ere barne hartuta, zenbait ikasketa-motatan eta antsietatearen eta estresaren aurkako erantzunetan parte hartuz. Sagu transgenikoetan epilepsia-eredu bat erabiliz, ikertzaileek frogatu dute hipokanpoko ama-zelula neuralek neurona berriak sortzeari utzi eta astrozito erreaktiboak bihurtzen direla. Zelula mota honek hantura sustatu eta neuronen arteko komunikazioa aldarazten du.

Ikerlan honek, gainera, ikertzaile hauek egindako aurreko lan baten hipotesia berresten lagundu du. Hipotesi horren arabera, hipereszitazio neuronalak, konbultsioak ez eragin arren, ama-zelula neuralen aktibazio masiboa sustatzen du, baita akidura goiztiarra ere, eta ondorioz, hipokanpoko neurogenesia (neurona berrien sorkuntza) kronikoki murriztuta geratzen da.

Juan Manuel Encinas ikerketaren arduradunak nabarmendu duenez, "aurkikuntza honi esker, hobeto ezagutzen dugu ama-zelula neuralen funtzionamendua. Neurona berriak eta astrozitoak sortzeaz gain, krisi epileptiko baten ondoren, helduen hipokanpoko ama-zelula neuralek astrozito erreaktiboak sor ditzaketela frogatu dugu".

Lana esperimentazioko animaliekin egin bada ere, aurkikuntza honek begi-bistako ondorioak ditu praktika klinikoan eta epilepsiaren aurkako terapia berrien bilaketan, izan ere, neurona berrien sorkuntza (neurogenesia) hipokanpoan errotutako epilepsiek negatiboki eragiten dioten prozesua baita. "Gizakiengan ama-zelula neuralen populazioa mantendu eta neurona berriak sortzeko duten gaitasuna babestea lortzen baldin badugu, beharbada epilepsiari atxikitako zenbait sintomaren garapena prebenitu ahal izango litzateke, hipokanpoan gertatu ohi den kaltea arinduz", adierazi du Juan Manuel Encinas-ek.

Diziplina anitzeko proiektu garrantzitsu honetarako, lankidetzan jardun dute Houston-eko (Estatu Batuak) Baylor College of Medicine eta Lovainako (Belgika) Unibertsitate Katolikoa gisako erakundeetako ikerketa-taldeekin, Achucarro zentroa bera eta UPV/EHUko Adierazpen Genikoko Unitatea tarteko direla.

Autoreei buruz

Amanda Sierra (Madril, 1977) eta Juan Manuel Encinas (Madril, 1976) Ikerbasquek 2011n Euskadira erakarritako bi ikertzaile gazteak dira. Biak ala biak, aldean dauzkaten ikertzaile-taldeekin batera, ikerketa honen autore nagusiak dira. Achucarro zentroa 2012an eratu zenez geroztik, erakunde honetan lan egiten dute, eta horrez gain, UPV/EHUko Neurozientzia Saileko ikerketa arloko laguntzaile akademikoak dira, Leioan.

Erreferentzia bibliografikoa

'Neuronal Hyperactivity Accelerates Depletion of Neural Stem Cells and Impairs Hippocampal Neurogenesis'. Amanda Sierra, Soraya Martín-Suárez, Roberto Valcárcel-Martín, Jesús Pascual-Brazo, Sarah-Ann Aelvoet, Oihane Abiega, Juan José Deudero, Amy L. Brewster, Irantzu Bernales,3 Anne E. Anderson, Veerle Baekelandt, Mirjana Maletić-Savatić and Juan M. Encinas.
Cell Stem Cell 16, 1–16, May 7, 2015.