Erdi Aroko Pancorboko herria aurkitu dute

XIII-XV. mendeetako hainbat etxebizitza oso ondo kontserbatu dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/17

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Patrimonio y Paisajes Culturales ikertaldeak Erdi Aroko eta interes handiko antzinako herrixka bat aurkitu du Pancorbon, Burgosen. Arkeologia proiektua Pancorboko haizpitarte estrategikoan egin da, 2015eko abuztuan eta irailean, eta helburu izan du Goi Erdi Aroko Santa Marta gaztelua eta haren oinetan dagoen esparru gotorra identifikatzea eta balioa ematea. Gaztelua IX. mendeaz geroztik aipatzen da iturrietan, al-Andalusen eta Asturisasko erreinuaren arteko gatazketan, eta funtsezko ardatz izan zen Gaztelako Konderriaren lurralde antolamenduan. Halere, orain arte ez da arkeologikoki aztertu Erdi Aroko aztarnategia.

Aldez aurretik, 2014ko uztailean, lehenengo balorazio arkeologikoa egin zen, teknika geofisikoak erabiliz, Oviedoko Unibertsitateko Hydro-Geophysics and NDT Modelling Unit-arekin lankidetzan. Georadarrari eta tomografia elektrikoari esker, era guztietako eraikuntza anomaliak detektatu ziren azken asteotan hondeatu den Erdi Aroko esparru gotorrean. Emaitza gisa, ikusi da Goi Erdi Aroko gaztelu horren oinetan herri zabal bat zegoela, 6.000 metro koadrotik gorakoa, eta inguruan Erdi Aroko harresi bat zuela.

Auzoa orain dela bostehun bat urte abandonatu zuten, eta XIII-XV. mendeetako hainbat etxebizitzak osatzen zuten: ezin hobeto kontserbatu dira, eta, horri esker, xehetasun handiz azter daiteke Erdi Aroko komunitatearen eguneroko bizimodua.

Eraikinak harrizko zokaloekin egin ziren, lurra altxatuta, eta teila egosiz estali ziren. Bada, behin eta berriz eraiki dira tarte berean, eta, horri esker, arkeologia depositu handiak daudela ikusi da. Aztarnategiaren sektore batean, bata bestearen gainean jarritako eta belaunaldi zikloen arabera berreraikitako zazpi etxebizitza ikusi ahal izan dira. Halaber, burdinazko tresnak egin eta konpontzeko tailer metalurgiko bat identifikatu ahal izan da, baita terrazak eta etxeko erabilerarako beste espazio batzuk ere.

Indusketak, bestalde, hainbat arkeologia material lehengoratu ditu. Aurkitutakoen artean, nabarmentzekoak dira etxean erabiltzeko tresnak, jantziak, elikagaiak eta objektu paleoanbientalak. Izan ere, horien bidez zehatzago ezagut daiteke Pancorboko biztanleen Erdi Aroko historia.

Pancorboko Goi Erdi Aroko gazteluaren lehenengo azterlana ere egin da. Monumentuaren kontserbazio egoera oso txarra denez, eskalatzaileen laguntza behar izan da aztarna arkeologikoak ikertzeko. Gazteluan zisterna bat eta zati batean kontserbatutako Erdi Aroko eraikin handi baten aztarnak aurkitu dira.

Proiektuan dokumentazio arkeologikoko eta arkitektonikoko teknologia aurreratuak erabili dira, esperimentu gisa. Droneetan airetik garraiatutako sentsoreak baliatu dira, eta horien bidez zehaztasun handiz aztertu ahal izan dira arkeologia aztarnategi garrantzitsu horretako aztarnak.

Proiektuaren esparruan, ondarea dibulgatzeko eta gizarteratzeko zenbait ekintza egin dira, Pancorboko Udalarekin eta Pancorboko Kultura Elkartearekin batera.

Azken batean, Santa Marta gazteluari lotutako auzo horren aurkikuntzak perspektiba berriak ireki ditu, Penintsularen iparraldeko Erdi Aroko gizarteen azterketa arkeologikoari begira.