Hesiak hausten

UPV/EHUko Elene Sorazuren gradu amaierako lanak ikasle gorren unibertsitateko ikasketa prozesua du aztergai

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/22

Elene Sorazuk, UPV/EHUn Gizarte Hezkuntzan graduatu berriak, gradu amaierako lanean aztergai izan du pertsona gorren unibertsitateko ikasketa prozesua: Sensibilización sobre la adecuación en la respuesta a la diversidad del alumnado sordo en la Universidad del País Vasco da lanaren izenburua. Bada, azterlan horrek azpimarratzen du zein garrantzitsua den irakasleak sentsibilizatzea eta ikasleak eurak motibatzea, entzumen ezgaitasuna duten pertsonek ikasgeletan bizi duten egoera ezagutarazteko.

Gradu amaierako lana egiteko, Elene Sorazuk unibertsitateko hiru campusetan ikasten ari diren 13 pertsona gor elkarrizketatu ditu, baita ikasleen artean entzumen ezgaitasuna zuten ikasleak izan dituzten 18 irakasle eta Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuko teknikari arduraduna ere. Eginiko galdeketa eta elkarrizketa sakonen emaitza gisa, gazte horrek –berak ere entzumen ezgaitasuna du– bere lanean ondorioztatu du ziurgabetasuna dela irakasle eta ikasle gorren arteko harremanetan dauden hesi nagusietako bat. Hori gainditzeko, proposatu du bi alderdiak elkarlanean aritzea irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuan eta, batez ere, eskolen jarraipenean.

Halaber, adierazi du gortasunaren eta haren ondorio eta beharrizanen inguruan dagoen ezagutzarik ezak oso kolektibo heterogeneo bihurtzen duela pertsona gorrena, non norbanako bakoitzak ezaugarri jakin batzuk dituen. Are gehiago, azterlan zehatz horretan, Sorazuk gogorarazten du pertsona batzuek entzumen gabezia arina dutela, eta beste batzuek Usher-Hallgren sindromea –gortasuna eta ikusmena apurka-apurka galtzea du ezaugarri–.

Elkarrekin ibiltzea

Ikasgeletako irakats jarduera hobetzeko, Elene Sorazuk zundatu egin du 2014/2015 ikasturtean unibertsitatean ikasi duten pertsona gorren iritzia. Kolektibo horrek adierazi du irakasleek ahaztu egin ohi dutela ikasgelan ikasle gorrak daudela eta, horren ondorioz, gaitza zaiela eskolak jarraitzea "eztabaidetan guztiek batera hitz egiten dutenean, zarata handiegia dagoenean edo azalpenak ondo heltzen ez direnean, pertsona gorrari atzea emanez ematen direlako".

Elene Sorazuk dioenez, "oso gaitza da pertsona gorraren lekuan jartzea; izan ere, kasu bakoitza ezberdina da, eta, askotan, irakasleek ez dute gortasunak dakartzan zailtasunen berri". Hori dela eta, ezagutzarik eza gainditzeko eta oso gaitza dela jakitun, sentsibilizazio kanpaina bat egin behar dela uste du, "elkarrekin ibiltzeko, irakasleen prestakuntza hobetzeko eta aukera berdintasunean oinarrituriko hezkuntza inklusiboa lortzeko." Pertsonentzat, sei kontzeptu gako hartu behar dira aintzat: kontzientzia, partaidetza eta lankidetza, konpromisoa eta irisgarritasuna, inklusioa, enpatia eta elkarren arteko babesa.

Gizarte Hezkuntzan graduatutako gazteak bideo bat editatu du ikerketa lanean parte hartu duten pertsona gorren lekukotasunarekin; zehazki, honako hauek ikasi dituzte: Diseinu Grafikoa, Gizarte Hezkuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Ingeniaritza Zibila, Pedagogia eta Gizarte Langintza. Lanaren egileak, Elene Sorazuk, hauxe uste du: "pertsona gorrek ere inplikatu egin behar dute, beren egoera ezagutarazteko gizarteari eta, bereziki, irakasleei".

Elene Sorazuk (Donostia, 1991) Hezkuntzaren Teoria eta Historiako irakasle Jon Altuna Urdin izan du zuzendari Sensibilización sobre la adecuación en la respuesta a la diversidad del alumnado sordo en la Universidad del País Vasco izeneko gradu amaierako lanean. Gizarte Hezkuntzako titulazioa lortu ondoren, Elene Sorazuk graduondoko ikasketekin jarraituko du 2015/2016 ikasturtean, eta UPV/EHUko Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa unibertsitate masterra egingo du.