null

Txistua, modernizatzeko bidean

Barneko hodia aldatuz txistu afinatuago bat lortzen lagundu du UPV/EHUren azterketa akustiko batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/11

Txistuaren eta haren instrumentu-familiaren ezaugarri akustikoen azterketa xehea egin du UPV/EHUko ikerketa-talde batek. Txistuaren soinuan zer aldagaik eragiten duten eta nola eragiten duten zehaztea izan dute helburu. Musika-tresnaren ezaugarriak aldatuz, musikariari eta entzuleari mesede egiten dioten propietate akustikoko zenbait txistu lortu dituzte.

Akustikaren arloko aurrerapen zientifikoak —bereziki, musikaren akustikakoak—, eta grabazio-tresnetako eta haien bidez lortutako datuak aztertzeko azken aurrerapen teknologikoak erabili ditu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Akustika ikerketa-taldeak, euskal folkloreko haize-instrumentuen akustika ikertzeko. Asier Agos Esparza ikertzailearen Función acústica del txistu y su familia instrumental doktore-tesian islatu da ikerketa-lana, eta Juan Crisóstomo de Arriaga Bilboko Musika Kontserbatorioarekin lankidetzan gauzatu da ikerketa.

Ikerketaren helburua izan da txistuaren eta haren familiako instrumentuen ezaugarriak xehatzea, "soinua nola sortzen eta hedatzen den zientifikoki azaltzeko —azaldu du ikertzaileak—, instrumentuaren akustikan zer parametrok eragiten duten eta nola eragiten duten ikusteko, eta txistuaren akustika optimizatzeko parametro horiek doitzen saiatzeko".

Erabili duten metodologiaren arabera, txistuen eta haren familiako musika-tresnen ezaugarriak aztertzen dira, geometria jakin batekin. Ondoren, instrumentuen propietate horiek era kontrolatu batean aldatzen dira, eta aztertzen da ea zer eragin duten instrumentuaren azken soinuan. Aztertutako aldagai horiek aldatzeak aldakuntza itzulezinak eragiten dituztenean musika-tresnan (esate baterako, hodiaren diametroa aldatzea), aztertu nahi diren ezaugarriak dituzten txistu berriak eraiki dira.

Jakintza-alor asko ukitzen duen lana izan da, eta arazoari hainbat ikuspegitatik heldu zaio. "Musikariak sartzen duen airearen eta instrumentuaren barnean dagoen airearen arteko elkarrekintza gertatzean hodiaren barnean sortzen diren uhin geldikorrekin lotutako ezagutza teorikoa aplikatu dugu —azaldu du Agosek—. Musika-tresnaren eraikuntza-prozesua aztertu dugu, eta hainbat ezaugarri desberdin dituzten txistuak sortu ditugu. Instrumentu horiek guztiak aztertu ditugu musikarien laguntzarekin, eta putz egiteko makina bat erabili dugu, neurketetatik giza faktorea ezabatzeko". Bestalde, software bat sortu dute instrumentu horiek eragiten duten musikaren propietate fisiko eta psikoakustikoak kalkulatzeko.

Hodiaren barne-geometria aldatzea

Ikertzaileen helburua izan da txistu afinatuago bat lortzea, eta, horretarako, hodiaren barneko aldea aldatu dute. Agosek azaldu duenez, "txistu tradizionala jotzen dugunean, txistuaren zuloak erabat irekiz edo itxiz, lortzen den afinazioa asko aldentzen da piano baten afinaziotik". Afinazioa hobetzeko, txistulariek txistuaren zuloak zertxobait irekiz edo itxiz zuzentzen dituzte notak. "Nolanahi ere —adierazi du—, hodia aldatzen badugu, lortu daiteke pianoaren afinaziotik hurbilago dagoen afinazioko txistu bat, zeina jo baitaiteke zuloak erabat irekita edo itxita dauden posizioak erabiliz".

Txistu tradizional batek eta prototipo berriak sortutako datuak bildu, aztertu eta alderatu egin dituzte ikertzaileek. Txistu-prototipo berriaren barneko hodiaren forma ez da erabat zilindrikoa txistu tradizionalean bezala. Gainera, zuloen kokapena, tamaina eta altuera ere aldatu egin dira. Horren guztiaren analisiak agerian utzi du bi txistuen artean afinazio-alde handiak daudela.

Ikertzailearen iritziz, "ikerketa honi esker, txistu-egileek era zehatzago batean aurresan ahal izango dituzte instrumentuaren ezaugarriak". Halaber, "lagungarri izango da jotzaileek eskatzen dituzten aldaketak eraikuntza-prozesuan espezifikoki txertatzeko —dio—, eta, hala, asko aurreratuko da txistulariek eta entzuleek gustuko dituzten ezaugarri akustikoak dituen musika-tresna bat lortzeko bidean".

Informazio osagarria

Asier Agos Esparza (Iruñea, 1979) Fisikan lizentziaduna eta ingeniari elektronikoa da. Función acústica del txistu y su familia instrumental izenburuko doktore-tesia egin du Maria Jesus Elejalde eta Erica Machoren zuzendaritzapean, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatua I saileko Akustika ikerketa-taldean. Juan Crisóstomo de Arriaga Bilboko Musika Kontserbatorioko Aitor Amilibia eta Iñaki Imatzekin lankidetzan egin da ikerketa, luzaro aritu baitira biak txistuaren hodiaren geometria lantzen.

 

Argazkiak: Asier Agos. UPV/EHU (Home: Danel Solabarrieta. Elhuyar Fundazioa)