Eduki publikatzailea

Jendeak ez daki zer egin bihotz geldialdia gertatzen denean

Euskal biztanleen % 40,3 ez da gai desfibriladorea bereizteko, baina oso garrantzitsutzat jotzen du bihotz-biriketako geldialdia gertatzen denean, behar bezala jarduten jakitea

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/09

Irudia
UPV/EHUren ikerketa baten arabera, komenigarria litzateke eskola curriculumean "lehen sorospenak" sartzea

Euskadin, urtero, ospitaletik kanpoko 850 bihotz-biriketako geldialdi gertatzen dira, batez beste, eta pazienteen % 80 hil egiten da ospitalera iritsi baino lehen. Ehuneko hori murriztu egingo litzateke, bihotz-biriketako berpizte-teknikak hedatu eta desfibriladoreak erabiliko balira. Baina, Euskal Herrian edonork, legez, kanpoko desfibriladore automatizatua (DEA) erabili badezake ere, jendeak gutxi daki teknika horiei buruz.

Sendoa Ballesteros, UPV/EHUko Erizaintza Saileko irakasleak, zuzendutako ikerketa batean Euskal Herriko biztanleek bihotz-biriketako berpizteari eta kanpoko desfibriladore automatizatuei buruz dakitena eta horren aurrean duten jarrera aztertzen da. Ikerketaren emaitzen arabera, biztanleen gehiengoa prestakuntza jasotzearen aldekoa da, bihotz-biriketako geldialdia laguntza egokia eman ahal izateko.

Beste Autonomia Erkidegoetan ez bezala, Euskal Herrian, legez, edonor da gauza kanpoko desfibriladore automatizatua, hots, bizitza bat salbatzeko funtsezkoa izan daitekeen gailua erabiltzeko. Izan ere, biziraupen-katean (egoeraz jabetzea, larrialdi medikoak abiatzea, berpizte-maniobrak egitea, desfibriladoreak erabiltzea eta osasun laguntza medikoa eranstea) bihotz-biriketako geldialdia pairatzen duenaren alboan dauden pertsonen jokaera erabakigarria izan daiteke. Ballesteros-ek dioenez: "Hortaz, jendeak erabili ditzakeen desfibriladoreen kopurua handiagotzeagatik bakarrik, ez dira bizirik irauten dutenen datuak hobetuko, jendea aparatua erabiltzeko gai sentitzen ez den bitartean."

Euskal Herrian, medikuak ez diren langileentzako desfibriladoreen erabilerari buruzko arautegi erregulatzailea 2005ekoa da eta 2011z geroztik, edozein pertsona dago baimenduta DEA erabiltzeko. Horrez gain, legez, nahitaezkoa da instalazioetan kanpoko desfibriladore automatizatu bat edukitzea, merkataritza-establezimendu handietan; 700 pertsonatik gorako edukiera duten erabilera publikoko instalazioetan, 50.000 biztanletik gorako herrietako autobus eta tren geltokietan; egunero batez beste 2.000 pertsona edo gehiago elkarretaratzen diren metro, autobus edo tren geltokietan, 2.000 pertsona edo gehiagoko edukiera duten hezkuntza-zentroetan.

"Desfibriladoreen erabilera ezartzeko eta baimentzeko legearen araberako urratsak emanda daudenez, beharrezkoa iruditzen zaigu jende oro sentsibilizatzea, edozein pertsonak bihotzekoak jota dagoen norbaiten aurrean zer egin jakin dezan. Horregatik, lehen sorospenetako prestakuntza eskolako curriculumean sartzea proposatu dugu, zeren, horrela, osasun larrialdietan jarduteko trebetasunak sendotzeko", dio Sendoa Ballesterosek. Ikerketaburuak gogoratzen duenez, zenbait herrialdetan, besteak beste, AEBn, Japonian eta Suedian, programak garatu dira, jendeak desfibriladoreak erabili ditzan, jendeari berpizte-teknikei buruzko prestakuntza emanez. Bi neurri  horien bidez, bihotz-biriketako geldialdia pairatu duten pertsonen artean bizirik iraun dutenen kopurua handiagotzea lortu dute. Zentzu horretan, Euskal Herrian galdetutako pertsonen % 37ak prestakuntza jaso duela adierazten du, baina datu hori txikia da Eslovakiako datuen aldean, zeren, han, biztanleen % 70ak badaki zerbait bihotz-biriketako geldialdi batean jarduteko erari buruz.

Prestakuntzarekin batera, birziklatzea ere garrantzitsua da. Euskadin, gaitasuneko ikastaroetan parte hartu zuten pertsona gehienek orain dela bost urte egin zituzten ikastarook eta Ballesterosek dioenez, "hori denbora gehiegi da, zeren badakigu trebetasun horiek erraz ahazten direla".

Datuak

Ikerketa 2015eko maiatzean eta ekainean egindako inkestetan oinarritzen da. Inkestak EAEn bizi diren 605 pertsonari (% 56,4 emakumeak) egin zitzaizkien, EAEko hiru hiriburuetan (% 52,9 Bilbon, % 32 Donostian eta % 15 Gasteizen). Pertsona horiek 15 eta 64 urte bitarteko adinekoak ziren eta hiru adin-tartetan banatu ziren (15-29; 30-49; 50-64).  Inkestak jendearentzat erabiltzeko desfibriladorea zegoen lekuetan egin ziren. Laginaren konfiantza-maila  % 95ekoa da,  % ± 4 errore-marjinarekin.

Inkesta egin zuten gehienentzat oso garrantzitsua da jende orok norbait bihotz-biriketako geldialdia izaten ari dela identifikatzeko eta berpizte-maniobrak egiteko gai izatea (% 94,7) eta DEA erabiltzen jakitea (% 88,6). Baina % 20,2ak baino ez du bere burua kapaz ikusten bihotz-biriketako berpiztea egiteko eta % 8,3ak bakarrik uste du DEA erabiltzeko gai dela. Hori bai, egoera larrian egonez gero, inkesta egin zutenen erdiak (% 58,1) prest daude bularrean konpresioak egiteko, DEA-ren argibideak jarraituz edo larrialdietarako zerbitzuaren telefono bidezko laguntza erabiliz, eta % 44,75 ahoz-ahoko arnasketa egiteko prest dago.

Erreferentzia bibliografikoa

Ballesteros-Peña S, Conocimientos y actitudes de los ciudadanos del País Vasco sobre la resucitación cardiopulmonar y los desfibriladores externos automatizados. Medikuntza Intentsiboa 2015. http://dx.doi.org/10.1016/j.medin.2015.10.004

Argazkiak:

Fernando Casabella. UPV/EHU

Mikel Mtz. de Tres Puentes. UPV/EHU

Sendoa Ballesteros