Euskal diaspora, hurbilago

UPV/EHUk Euskal Herriarekin lotura duten akademiakide eta ikertzaileen nazioarteko sare bat sortuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/15

Euskal Herriko Unibertsitateak euskal jatorria edo Euskal Herriarekin lotura duten irakasle eta ikertzaileek lankidetzan jarduteko oinarria ezarri du, ahalmen partekatu eta komun horri etekina aterako dion nazioarteko sare bat osatzeko asmoz.

Horretarako, nazioarteko lehen topaketa antolatu du orain gutxi Donostian, Europako Kultur Hiriburu izendatu dutela aprobetxatuta, eta lan ibilbide nabarmeneko akademiakideak eta ikertzaileak elkartu dira han. Sinposioaren buru izan dira UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreorde Nekane Balluerka eta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendari María José Olaziregi.

Lehenbiziko hizlaria William Douglass izan da, antropologoa eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko lehen zuzendaria, eta nabarmendu du euskal diaspora ugari daudela eta ez bakar bat, eta horregatik etorkizuneko sarea eratzean kontuan hartu behar dela sareko kide izan daitezkeenen aniztasuna. Douglassek azaldu du arretaz ibili behar dugula karga emozionalarekin, horrek diasporaren inguruko zientzia lana honda lezakeelako; hori gerta ez dadin, bada, esan du istorioak kontatu egin behar direla, ez asmatu. Halaber, azpimarratu du euskal akademiakideek ez dutela soilik euskal ikasketen esparruan lan egiten, eta garrantzitsua dela inklusiboak izatea. Hizlariaren hitzetan, datuak esanguratsuak izan daitezke alor horretan.

Stephen Ansolabehere Harvardeko Unibertsitateko Politika Zientziako irakasleak, berriz, azaldu du garrantzitsua dela dauden eta egon litezkeen loturak ikusaraziko dituzten klusterrak osatzeko konexioak sortzea; hartara, sare hori kanalizatu, eta kide guztiek elkarrekin lan egin ahalko lukete. Horrez gain, adierazi du diaspora komunitate baten edo batzuen barruan batuko duten gertaerak sortu behar direla, talde askok antzeko arazo baten inguruan lan egin dezaten.

Bestalde, Juan Uriagerekak, Chomskyren Programa Minimalistako ikertzaileak eta Marylandeko Unibertsitateko Hizkuntzalaritzako irakasleak, euskal diaspora elikatu eta zaindu behar dela adierazi du hitzaldian. Besteak beste, nabarmendu du AEBko irakasleek lan egutegiaren zati bat libre dutela eta denbora horretan loturak ezar ditzaketela euskal erakunde akademikoekin.

Xabier Irujok, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikideak, diasporen historia izan du hizpide, batik bat Hego Amerikakoa. Adierazi du XX. mendearen hasieran egin zirela sare bat sortzeko lehen ahaleginak, eta esan du euskal erbesteratzeak ehun akademiakidetik gora erakarri zituela leku horretara ehun urtez; horrenbestez, Irujoren esanetan, sarea sortzeko ideia ez da berria. Irujorentzat, badago euskal erbestealdian finkatu zen oinarri sendo bat, kontuan hartu beharrekoa. Bestalde, azaldu du garai hartan jakitun zirela liburuak argitaratzeak zeukan garrantziaz. Ildo horretatik, EKIN argitaletxea nabarmendu du: diaspora akademiko horri eusteko elementu erabakigarrietako bat izan zen.

Tokian tokiko eta nazioarteko loturak

Era berean, Maider Llaguno Columbiako Unibertsitateko Arkitekturako irakasleak azaldu du euskal diasporarentzat, Euskal Herritik kanpo zenbat eta urte gehiago eman, gero eta indar handiagoa hartzen duela euskal nortasunaren zentzuak. Haren ustez, kontuan hartu behar da XXI. mendean hazten ari den diaspora berri hori, Euskal Herrian eratu dena baina mundu oso-osoan lan egiten duena. Dioenez, erreferentzia gune bat sortu behar da haiek babesteko eta profesionalki hazten laguntzeko, eta, aldi berean, tokian tokiko eta nazioarteko loturak ezarri behar dira Euskal Herriak ikuspegi global batetik onura atera dezan.

Halaber, Mikel Prietok, Mayo Klinikako kirurgia zuzendariak eta ikertzaileak, azpimarratu du euskal diasporak nortasun sen sakon-sakona duela eta horri etekina atera behar zaiola. Haren hitzetan, XXI. mendeak eta XXI. mendeko diasporak interes ugari ditu: aberriarekiko loturari eustea, erakunde akademikoekin lan egitea, eta Euskal Herriaren goraldian parte hartzea, hau da, Euskal Herriak haiekin egin zuen inbertsio hori itzultzea. Halaber, esan du mundu osoan Euskal Herriaren irudia osatzen laguntzeko urratsak egiten ari diren pertsonei laguntza eta tutoretza eman behar zaiela. Mikel Prietoren iritziz, Euskadi gastronomia baino askoz ere gehiago da.

Bestalde, Boiseko Estatu Unibertsitateko Historia Saileko irakasle John Bieterrek eta Boiseko Estatu Unibertsitateko "Estudios Fundacionales y Colaboración Global Vasca" programaren arduradun John Ysursak azaldu dute etorkizunera itzultzen ari garela. Diotenez, erbesteko lehen euskaldunetako batzuk euren nortasunean sustraituta zeuden eta sareak eraiki zituzten, baina askoz harago jotzeko gai ere izan ziren; kasurako, BOGA argitalpena aipatu dute, euskal diasporaren lankidetza ikusarazteko bide izan litekeelakoan. Horrez gain, esan dute paradigma aldaketa bat behar dela titulazio edo gradu berri jakin batzuei ekiteko; esaterako, ikasketa globalei edo hirikoei. Haien asmoa da egun dauden sareak erabiltzea eta online atari partekatu bat sortzea, graduak online egiteko aukera ere emango duena. Gainera, Euskal Diasporaren Eguna sortzea ere proposatu dute.

Jardunaldia amaitzeko, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendari María José Olaziregik hitz batzuk esan ditu bihotz-bihotzetik: "Oraintxe da garaia, eta izugarrizko aukera daukagu. Beraz, bide emango diogu".

Argazkiak: Euskampus